Getariako Zarautz Jauregia goitik behera zaharbarrituko dabe
2022-11-24 13:40 KultureaJauregiaren zaharbarritze integralari ekingo jako.
Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailburua dan Bingen Zupiria, Markel Olano Gipuzkoako Aldun Nagusia eta Getariako alkatea, Haritz Alberdi, alkarregaz izan dira gaur Zarautz Jauregiaren zaharbarritze integralaren zehetasunak emoten Getariako udaletxean egindako aurkezpenean eta herriko erdialdeko eraikina konserbetako helburuaz aparte, jauregiak erabilera ugari izango dituala jakinarazo dabe.
Hiru erakunde horreen babesa dau birgaitzea finantzietako laster sinatuko dan lankidetza-hitzarmenak, bai erabarritze lanei ekiteko baita eraikin horren barruan museo-gune bat egokitzeko be. Proiektuaren zati bat Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Mekanismotik datozen Europako Funtsakaz batera finantziauko da.
Zarautz Jauregia Getariako Urigune Historikoan dago, Kale Nagusiko 38 eta 40 zenbakietan eta interes kulturaleko eraikina da, 1999ko Dekretuaren bidez babestua. Dekretu horren bidez, Getariako Urigune Historikoa Sailkatutako Kultura Ondasun izentau eben, Monumentu Multzo Kategorian, Euskal Kultura Ondareari buruzko 1990 Legeak aitatzen dituan babes-araubideak jarraituz.
Eraikina gaur egun hutsik dago, eskuinetik beste torre bategaz lerrokatuta dago eta ezkerretik San Salvador eleizeagaz. XVI. mendeko eraikin gotikoa da, ondare baliotsukoa, Getariako Uribilduaren bilakaereari eta garapenari buruzko informazinoa jasoten baitau hormen artean. Bestalde, orubearen beheko pisuan indusketa arkeologiko sistematikoak egin dira eta erromatarren okupazino baten aztarnak azaleratu dira. Garai historiko hori ez dago ia dokumentauta Euskal Autonomia Erkidegoan, beraz, aztarna horreek ikusgai jarriko dira monumentuaren eta Getariaren historiaren zati lez balioa emoteko.
Jauregian egin beharreko lanak proiektu bereizi bitan zehazten dira: Alde batetik, arkitektura-lanak eta, bestetik, Juan Sebastian Elkanoren inguruko proiektu museografikoa. Birgaitze-lanei jagokenez, eraikinak zaharbarritze integrala behar dau, horma-egiturak finkatzea, estalkia berrezartzea eta barruko espazioa egokitzea.
Proposamen arkitektonikoak lau pisutan banatutako ekipamendua zehazten dau: beheko pisuan, turismo-bulegoa egongo da; lehenengo, bigarren eta hirugarren pisuetan, museo-gelak egongo dira; eta, azkenik, laugarren pisuan, Getariako biztanleentzako erabilera anitzeko espazioa. Museoari jagokonez, Elkano Mundubira espazioaren helburua espedizinoa modu didaktiko eta erakargarrian azaltzea da, jasangarritasunaren eta kultura-aniztasunaren errespetuan oinarrituta.
Zarautz Jauregia birgaitzeko proiektuaren kostu osoaren zati bat Europar Batasunetik datozen Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia-Next Generation planeko funtsakaz batera finantziauko da, guztira 796.727 euroko ekarpenaren bidez. Bestalde, Eusko Jaurlaritzeak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak obren gainerako kostuaren % 50 eta museografiaren heren bat jarriko dabe. Azkenik, Getariako Udalak museografiaren heren bat emongo dau, eta zaharbarritzeko, birgaitzeko eta balioa emoteko obrak eta museografia gauzatzeaz arduratuko da.
Gaurko ekitaldian Bingen Zupiria, Kultura eta Hizkuntza Politika sailburuak azpimarratu dau erakundeen arteko alkarlan estuak ahalbideratu dauela Zarautz Jauregiaren proiektua: Lankidetza eredugarria izan da hiru erakundeen artean eta urtetan lanean elkarrekin aritu izanak eman du bere fruitua. Ondarearen balioa nabarmentzeko egitasmo eredugarria da Getarian egingo dena. Ondarea den eraikina hartu, birgaitu eta zerbitzu publikora eskainiko bait da. Sailburuaren eretxiz, Elkanoren urteurrenak emaitza iraunkorra utziko du herrian: aurreko ospakizunak plazan ikus daitekeen monumentua utzi zuen, aurtengoak berriz Elkanoren bidaiaren berri gaurkotua.
Markel Olano diputatu nagusiak, barriz, Zarautz Jauregiaren zaharbarritze integrala Gipuzkoa osorako barri pozgarria eta oso egitasmo esanguratsua da; aurreratu dauenez, lurraldearen historia ezagutzeko leku berezian kokatuta dago eta, gainera, proiektu museografiko baten bitartez gure herriaren bilakaeran pasarte garrantzitsuenetako bat ezagutzeko leiho barri bat zabalduko dauelako. Balio handiko eraikin hau berreskuratzen dogu getariarrentzat eta herritarrentzat; aldi berean, Mundubirearen mendeurreneko ospakizunetan pilatutako jakintzea gizartearen esku ixteko balioko deusku, gehitu dau.
Getariako alkateak, Haritz Alberdik ondokoa nabarmendu dau: Pozgarria da hamarkada luzeetan hutsik eta gainbeheran egondako eraikin historiko bat berreskuratzeko hiru instituzinoen artean hartutako konpromisoei esker, eraikina guztiz berreskuratzea. Eta gainera, egongo diran espazioek herriko eta herritarren beharrei erantzuteko erabiliko dira; gainera, mendeurrenaren inguruan egindako lanketa guztiak, modu grafiko eta laburrean bada be, Elkanoren jaioterrian bertan eta balore handiko eraikin historiko batean batuko dira.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!