BilbaoArtek nazinoarteko lankidetzak indartu ditu

Bizkaie! 2022-11-24 11:22   Kulturea

Italia, Frantzia eta Austriako zentro banagaz hasi da alkarlanean.

Veneziako Bevilacqua La Masaren tailerra (argazkia: Comune di Venezia) | Ikusi handiago | Argazki originala

Arte garaikidearen alorrean Bilbok dauen presentzia areagotuko daben akordioak egin ditu BilbaoArtek Europako eta beste kontinente batzuetako kultur zentroakaz. Batetik, Italiako Venezia uriko Bevilacqua La Masa Fundazinoak bat egin dau BilbaoArteren nazinoarteko sareagaz. Bestetik, Austria eta Frantziako erakunde banagaz egindako hitzarmenak berreskuratu dira.

Cité Internationale des Arts de Paris da erakunde horreetako bat, Frantziako uriburuan kokatua. Lehendik be alkarlanak izan ditu BilbaoArtegaz eta 2023an berrekingo deutsee hartu-emonei. Austriakoa, ostera, Bregenz uriko Kunsthaus da, eta 2014tik izan da BilbaoArteren bidelagun. Etentxu baten ostean, barriro hasiko dira zentro biak lankidetzan.

Bevilacqua La Masa Fundazinoagaz egindako hitzarmena, ostera, lehenengo aldiz sinatu dau BilbaoArtek. 1898an sortua, Veneziako erakunde artistiko erreferentzialetako bat da gaur egun.

Akordioan adostu dabenez, Bilboko eta Veneziako artisten trukeak egingo ditue, erakunde bakotxak jagokozan gastuak pagauta, hau da, bidaia, asegurua, dietak eta produkzinoa. Otaola Ubieta familiaren babesari esker egin ahal izango dira trukeak, Juan eta Pablo Otaola Bekea emongo dauelako. Bestetik, urte birik behin aldatuko dan erakusketa bat antolatuko dabe Bilboko eta Veneziako zentroek, alkarregaz eta aldi berean, trukeetan parte hartuko daben lau artistagaz.

Nazinoarteko lankidetzak indartzeko egin dauen ahalegin horreek, BilbaoArtek lehendik dituan beste alkarlan batzuri batuko jakez. Europatik kanpo, aitatzekoa da Hego Koreako Seul uriburuko SeMA Nanji Museoagaz 2016tik martxan dagoan truke-programea. Ganera, 2018tik, BilbaoArte alkarlanean dabil Moving Artists proiektuagaz. Honen helburua da egoera txar eta mobikortasun urrikoetan jarduera artistikoa ziurtatzea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu