Bilbon izango da ‘Festival de circo ZKZ Topaketa 22’, abenduaren 5etik 10era

Bizkaie! 2022-11-24 10:32   Kulturea

Zirku tailerrak, ikastaro trinkoak eta topaketa profesionala be izango dira.

Bosgarren edizinoak Bilborock-en ospe handiko artista eta konpainien ikuskizunak eta prestakuntza-eskaintza zabala Zirkozaurre gunean batzen ditu.

Zirkozaurrek, Zorrozaurreko zirku arteen espazioak, Festival ZKZ Topaketa 22 atondu dau abenduaren 5etik 10era. Proposamen erakargarria da publiko guztiarentzat eta zirku barriena izango da barriro protagonista.

Abenduaren 5ean, gala bat izango da jaialdiaren hasieran. Maistra dibertigarri bik zuzenduko dabe eta zirku-diziplina askotako espezialistak izango ditu. Bilborock-en izango da programautako ikuskizun guztiak hartuko dituen lekua, betibe arratsaldez (19:00retan edo 20:00retan).

Martitzenean, Wilburrek Piensa en Wilbur ikuskizuna eskainiko dau. Proyecto Tránsitoak 361o grados antzeztuko dau eguaztenean. La Trapecionistak txundituta itxiko gaitu Artxipelago ikuskizunagaz eguenean. Eta barikuan, barriz, POI-ren txandea izango da, D’es Tro konpainiaren proposamen ederra eskainiko dabelarik.

Amaitzeko, zapatuan, Marabunta ikuskizuna, jai handia, zuzeneko 6 musikari eta Guillem Albà, modan dagoan clowna.

Zirku tailerrak, ikastaro trinkoak eta topaketa profesionala

Goizez izango dira prestakuntza-jarduerak Zirkozaurren. Astelehenean eta eguaztenean, 11:00etatik 13:00era, zirko-tailerrak txiki eta helduentzat. Martitzenean, eguenean eta zapatuan, irakasle espezialisten eskutik ikastaro trinkoak, 10:30etik 13:30era: Bertikalak María Vilategaz, Trapezioa Asvín Lópezegaz eta Puntu finkoa Maitane Sarraldegaz. Bat egunero eta ordena horretan.

Gainera, barikuan, goizean, Bilborock-en, 10:00etatik 12:00etara, jardunaldi profesional bat egingo da,Zirkuaren egoerea: erronkak eta profesionalizazinoa Euskadin izenburupean eta hizlariak ondokoak izango dira: Cristina Tascón, Kataluniako Zirkoko Profesionalen Alkarteko gerentea; Eva Luna Gariko-Mauriño, CircoRED Zirkuko estudioaren kultur kudeatzailea eta egilekidea eta Eva Moraga, kultura-sektorean espezializautako abokatua.

Informazino gehiago eta egitaraua hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu