Bertsolaritzea ondare ez-material izentau dau Frantziak
2022-11-24 10:28 BertsolaritzeaUrteotan egindako lanaren autortzea dala dinoe Bertsularien Lagunek.
Frantziako Kultura Ministerioak bertsolaritzea sartu dau Ondare Kultural Ez-material edo Ukiezinaren Katalogoan, pasa dan udabarrian Bertsularien Lagunak alkarteak egindako eskariari kasu eginda. Hortaz, Frantziako erakundeen babesa izango dau aurrerantzean.
Igaz hasi zan Bertsularien Lagunak izendapena lortzeko lanean. Beñat Iturralde Agirre antropologoa gidari eta Thaïs Boukella laguntzaile zirala, ikerlan zabal eta zehatza egin eben Ipar Euskal Herriko bertsolaritzearen inguruan. Lantaldeko beste kideak izan ziran Fabien Van Geert (Parisko Sorbonne Nouvelle Unibersidadeko antropologoa), Terexa Lekunberri (Euskal Kultur Erakundeko antropologoa) eta Thierry Truffaut (inauteri eta euskal tradizinoetan aditua). Halako azterlanak beharrezkoak dira ondare ez-materialen zerrendan sartzeko.
Bertsularien Lagunen izenean, Ainhoa Elizondok adierazo dau urteotan egindako lanaren autortzea dala izendapena: Dauen garrantzia emon behar jako izendapenari, ez gehiago eta ez gitxiago: bertsularitza mobimendu bizia da gaur egun herriz herri eragile, sortzaile eta persona askok egindako lanari esker; urtetako lanari egindako autortza lez hartu behar dogu.
Gaur egun, Lapurdin, Zuberoan eta Nafarroa Behertean 45 bat bertsolari dabiz plazarik plaza eta urtean 120 saio inguru egiten dira. Ganera, belaunaldi barriei bertsoa transmitiduteko ahalegin handia be egiten dabe Bertsularien Lagunek: hezkuntza arautuan 70 talde inguru dagoz eta bertso eskoletara beste 250 gazte inguru doaz.
Frantziako Kultura Ministerioarena bertsolaritzeak jaso dauen antzeko bigarren izendapena da. Izan be, 2018an, Nafarroako Gobernuak be ondare kulturalaren mailea emon eutsan eta foru erkidegoan izan leiken babesik handiena dau bertsolaritzeak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!