Toure detektibea Bilbora bueltau da
2022-11-24 10:06 KultureaJon Arretxek idatzi dau Lyrica garaia.
Ez dira lirikarako sasoiak Toure detektibearentzat. Egia esan, inoiz ez dira sasoi onak ez Tourerentzat ez Bilboko San Frantzisko ganerako biztanleentzat be. Halan uste dau Jon Arretxe idazleak, baina Lyrica garaia liburu barriaren izenburuaren jatorria beste bat da: San Frantziskon gero eta zabalago dabilen Lyrica drogea.
Erein argitaletxearen eskutik dakar Arretxek Toure detektibe edo sasidetektibearen abentura barria. Aurreko liburuetan Nafarroan, Madrilen eta Parisen ibili eta gero, barriro Bilbora bueltau da Toure, San Frantziskora. Sailaren lehenengo aleetako hainbat elementu berreskuratu ditu Arretxek: Toureren aspaldiko lagunak, Gorte kaleko putetxeak, poliziaren kamarak eta bizirauteko ahal dana egitera behartutako auzotarrak.
Parisen irabazitako dirutza guztia galduta, miseria gorrian da barriro Toure oraingo honetan. Baina ez da hori San Frantziskora bueltan ekarri dauen arrazoi bakarra. Sa Kene lagun eta maitaleagaitik arduratuta dago, ondo dagoan jakin nahi dau. Auzoan hara eta hona pixka bat ibili, eta berehala hasiko da egoerea nahasten, hori da detektibearen patua.
San Frantziskora bueltau da Toure, baina ez da orain dala urte batzuk atzean itxi eban auzoa. Gentrifikazinoak, turismoak eta aldaketa sozialek eragin sakona izan dabe eta erronka barriak ekarri ditue auzotarrentzat. Umorea, abenturak, alkarrizketa zorrotzak eta nobela baltza buztartuta, Bilboko Afrika Txikiaren kronika gordina eta Toure detektibearen ibilera gorabeheratsuak tartekatu ditu barriro Jon Arretxek.
Toureren sagako bederatzigarren liburua da Lyrica garaia. Uzta Gorria bilduman sartu dau Ereinek.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!