Usansolo udalerri izatea onartu dabe Batzar Nagusiek
2022-11-24 09:06 Pil-pileanEzin da behin betikotzat jo, Espainiako Gobernuak helegitea ipini leike eta.
Galdakaotik bereizi eta Bizkaiko 113. udalerria izateko pausu erabagigarria egin dau Usansolok, Batzar Nagusiek desanexinoari oneretxia emon deutselako. Usansoloko makina bat herritar joan ziran atzo Gernikara, Batzar Etxeko eztabaidea eta bozketea bertatik bertara ikusten, eta poztasunez hartu eben ebatzia. Galdakaoko alkate Iñigo Hernando be publikoan egon zan.
Usansolo Herria plataformeak atzera-ezinezko pausutzat jo badau be, Usansolo udalerri independente izateko bidean oztopo batzuk egon leitekez oraindino. Izan be, seguruenez Espainiako Gobernuak helegitea ipiniko dau Batzar Nagusien oneretxiaren kontra eta, Espainiako legeak kontuan izanda, epaileek atzera bota leikie desanexinoa.
Kontua da ze, Bizkaiko eta Espainiako arauak diferenteak dirala udalerri barriak sortzeari jagokonez. Biztanleen kopuruan dago alde nabarmenena: Bizkaian, 2.500 biztanle baino gehiagoko herriek eskatu leikie udalerri bereizi izatea, baina, Espainian, 5.000 biztanlekoa da mugea. Usansolok 4.520 biztanle zituan azken erroldan.
Hortaz, Espainiako Gobernuak ipini leiken helegitearen ebatziak, legeari ez eze, erakunde bakotxaren eskumenei eragiten deutse. Bizkaiko Foru Aldundiak ziurtatu dau Bizkaiko legeak dauela lehentasuna, baina alderdi politiko guztiak ez datoz horretan bat.
Helegiteak ekarri leikenaren zain, Usansolo udalerri bihurtzeko prozesuak aurrera egingo dau. Batzar Nagusien oneretxia jasota, orain Foru Aldundiak eta Galdakaoko Udalak egin behar ditue pausuak, Usansolo udalerri independente moduan funtzionetan hasi daiten.
Usansoloko herritarrek egun osoko ospakizuna izan eben atzo Batzar Nagusietako bozketearen kontura. Goizean goiz, autobusetan joan ziran Gernikara herritar ugari eta politikarien txandea amaitu eta gero, adarra eta trikitixea jo zituen uriko kaleetan.
Ondoren, Usansolon bertan egin eben jaia. Auzotarrek eta Usansolo Herria plataformeak hiru hamarkada inguruko ahalegina egin dabe udalerri bihurtzeko. Bidean, oztopo ugari gainditu behar izan ditue, erakundeek euren eskaria babestu arte be urteak pasau ziran eta, horregaitik, poztasunaz gan hunkidurea be nagusitu da Usansolon, urteetako burrukeari amaiera zoriontsua emoteko aukerea hur-hurrean ikusten dabelako.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!