Muruetak udal bandera ofiziala dauka

Bizkaie! 2022-11-24 08:32   Kulturea

Muruetak ez dau sekula bandera partikularrik izan.

Muruetako Udalak udal banderea aurkeztu dau, herria eta bertako bizilagunak ordezkatzeko eta nortasuna indartzeko. Sortzeko prozesua gaur amaitu da, Bizkaiko Batzar Nagusiak erakundean onartuta.

Diseinu angeluzuzena hondo urdinekoa da, eta kurutze hori bat dauka, muturretik muturrera, eta, horren gainean, kurutze zuri bat: Sinboloak baliotsuak dira herri batentzat eta muruetarrak identifiketako bandera bat izatea herriko kide izatearen sentimendua konpartiduteko modu sinbolikoa da. Muruetako banderea sortzeko prozesua ez da laburra izan.

Lehenengo pausua bexilologo aditu baten txostena behar zan, Juan José Gonzalezena, hain zuzen be, banderea, oihal eta zutoihaletan aditua, udalerriko memoria historiko, bexilologiko eta heraldikoari buruzko datuak batzeko. Bandera barria diseinetako, armarriaren koloreak erabili doguz erreferentzia lez. Armarri horrek hainbat urtez ordeztu gaitu, azaldu dau Julen Karrion Muruetako alkateak.

Muruetako banderea, udalerriko bizilagunei aurkeztu ondoren, udaletxean jarri eta ekitaldi ofizialetan herriaren ikur izango da. Banderearen diseinua angeluzuzena da, 2:3 proportzinokoa, urdina, gurutze hori bategaz, muturretik muturrera eta honen gainean gurutze zuri bat. Gurutzeen zabalerea banderearen zabaleraren 1/5 eta 1/10 da, ondoz ondo. Gurutzea Murueta eleizatearen isla da eta gainerako eleizateakazko lotura irudikatzen dau. Adituaren txostenak egiaztatu eban Muruetak ez dauela inoiz bandera partikularrik izan. Salbuespen bakarra zutoihal gorrimin bat zan. Haren erabilerea eta protokoloa aurrez ezarrita egoan eta ez eban herria ordezkatzen, Bizkaiko Jauna baino.

Denporeagaz, Udalbatzaren erabilera propioko elementua izatera pasau zan, baina ez zan inoiz herri ordezkaritzako ikurra izan, argitu dau Muruetako alkate Julen Karrionek.

Bizkaiko Batzar Nagusiek bandera barria onartu dabe, Muruetaren jatorriaren gomuta historikoa batzen eta irudikatzen dauen ikurra, herria eta bertako biztanleak ordezkatuko ditu, herriko nortasun ikur lez.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu