Durangaldea be BBK Sariketako finalean da

Bizkaie! 2022-11-24 08:05   Bertsolaritzea

Lea-Artibairen kontra jokatuko dau azken saioa, abenduaren 1ean.

Barakaldoko saioko protagonistak (argazkia: Bizkaiko Bertsozale Alkartea) | Ikusi handiago | Argazki originala

XXX. Bertsolari Gazteen BBK Sariketako finalean ze talde bi lehiatuko diran badakigu: Lea-Artibai eta Durangaldea. Bigarren finalaurrekoa Barakaldoko Hizkuntza Eskolan jokatu dabe Durangaldeko eta Uribe Butroeko gazteek, Peio Molinuevo eta Ander Aldazabal aurkezleen aginduetara, eta epaileek Durangaldeko seikoteari emon deutse puntu gehiago.

Finalaurrekoetako irabazle bien artekoa izango da finala, abenduaren 1ean, Bilboko BBK Salan (18:00). Sari nagusia nork eroango dauen erabagiteaz gan, bertsolaritzearen jai handia izango da hurrengo egueneko hitzordua, BBK Sariketearen 30 edizinoak ospatzeko jarduera ugari atondu ditue eta.

Aurreko edizinoetan parte hartu daben bertsolari ezagunak joango dira, baita txapelketako epaile, gai-jartzaile eta bestelako laguntzaileak be. Eskualde bakotxaren ordezkari, Bilbon izango dira Ibon Iza, Onintza Enbeita, Igor Elortza, Asier Alcedo, Oihana Bartra, Nerea Ibarzabal, Jone Uria eta Etxahun Lekue. Saioaren gidariak Idoia Anzorandia eta Igor Menika izango dira.

Barakaldoko finalaurrekoari jagokonez, Durangaldeak honako seikote hau aurkeztu dau: Maddi Aurtenetxe, Kelmene Abaitua eta Ixone Asategi 18 urtera artekoetan; eta Irune Basagoiti, Ander Elorriaga eta Igor Galarza 25 urtera artekoetan.

Uribe Butroeren taldea hau izan da: Amaia Gallastegi, Joane Bilbao eta Izaro Bilbao gazteetan eta Joseba Ortuzar, Eneko Elorduy eta Jokin Arriola nagusietan.

Epaimahaian Beñat Romero, Juanjo Respaldiza eta Miriam Juaristi egon dira eta idazkari beharra Ander Elortegik egin dau. Publikoan, Barakaldoko euskaltegietako ikasleek giro bikaina ipini dabe.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu