Roberto Etxebarria: 'Trikiti doinuetatik harago doan lana da 'Kolpatuz''

Koldo Isusi Zuazo 2022-11-28 07:55   Barriketan

Roberto Etxebarria (Gatika, 1969) musikaria orain 40 urte sartu zan trikitixearen munduan eta ordutik hona 4 belaunalditako lagunak izan ditu alboan. 40/04, erronka potoloa izango da trikitilariarentzat, astero argitalpen bat egingo dauelako; 40 kantu kaleratzen saiatuko da ekimen honi esker, kantu ia danak berak sortutakoak baitira; tartean bidean izandako pasadizo, istorio edota persona agertuko ditualarik.

Joan dan astean, orain 40 urte bere lehenengo soinua izan eban egunagaz bat eginik, sare sozialen bidez emon dau ezagutzera erronka barria eta oraintsu egin dau lan mardularen lehenengo argitaratzea, Kepa Arrizabalaga, hain zuzen be.

Proiektu horregaz batera, Roberto Etxebarria, Miren alabea alboan dauelarik, 4.belaunaldia hain zuzen be, Kolpatuz izeneko hirugarren diskoan buru-belarri dabil, aurten argia ikusiko dauena.

1.- Berrogei ute baino gehiago daroazuz trikitixea joten eta 40/04 proiektua martxan dozu. Berrogei piezatan gorabeherak, plazaratzea da asmoa? Idatzizko gogota eta pasadizoak ala disko-liburu formatoan aurkeztuko dozu?

Bai. Berrogei asteotan makinatxu bat esperientzia eta gorabehera izan dira eta horixe da asmoa, tarte zabal horretan izandako gorabehera, anekdotak eta protagonistak batzea; zeozelan hasita dago prozesua eta lehenengoa erabagitea gauza erraza izan da, Kepa Arrizabalaga, neugaz urte askotan ibili dan panderojolea, maisu handia niretzako, beragaz hasi nintzan; entzun hari eskainitako Mailu hotsa.

Rufino Arrolagaz be soinua ikasten eta ibili nintzan eta, beraz, sano garrantzitsuak izan dira nire ibilbidean.

Ganerakoan, disko-libururik edo antzekorik egitea ez dogu pentsau baina aurrerago ikusiko dogu indarrez eta zelan gabizen askok itauntzen deustie horren gainean eta benetan dinotsut oraingoz aukeraketa egokiak egin eta piezak batzea da asmoa. Gero gerokoak.

2.- Bigarren protagonistea nor izango dan aurreratu zeinke?

[Barreka] Honeek gauzak behar dan moduan egiteko zain egotea litzateke zentzuzkoena baina aparteko interesa erakutsi dozunez, esan egingo deutsut, Rufino Arriola, maisua, handia, niretzako eredu. Nire ibilbidea ezagutzen dauenak erraz atara leikez hurrengoak baina onena itxarotea izango da ze lehenengo protagonistak ezagunak izan daitekezan arren, etorriko da boladea ondo pentsau eta egokiena aukeratzeko, protagonistak personak zein anekdotak be izango diralako.

4.- Kolpatuz zeuon 3. diskoa be landu dozue. Musikari taldea ibili zarie beharrean. Hori barrikuntzatzat hartu behar dogu?

Gure helburua da trikiti mundutik harago doan munduan sartu eta koplak txertatzea folk estilora eroanez gure jarduerea, beste irudi bat emotea eta horrek taldelana dakar nahitaez. Lehen be taldean ibili gara Hamaikatxu kopla... Pandero baten konture! lana zabaltzen eta gustora ibili gara. Orain Kolpatuz diskoa lantzen gabiz eta hor be taldelana ikusiko dau entzuleak; parte-hartzaile baino gehiago lagunak gara: Amaiur Cajaraville, Pablo Bueno, Alvaro Garcia, Iban Allue eta alaba Miren eta neu.

5.- Igotz Ziarretaren artea igarten jako diskoaren azalari. Pozik emoitzeagaz?

Bai. Gure gauzak hurreko lagunakaz egitea gustetan jaku eta datu legez baino ez bada be esango deutsut Igotzen aitaren laguna nintzala, trikitixazalea zan eta, horrezaz aparte, artistea da Igotz, sekulako lana egin dau eta oso pozik gagoz.

6.- Koplak airean eta Hamaikatxu kopla... Pandero baten konture! diskoan be talde lana egin zenduen. Bide horretarik segituko asmoa dozue?

Bai, lehen be esan deutsut alabea eta biok be ibiliko gara plazarik plaza baina taldean be gauzak egiteko esperantzea dogu; kopla zaharrak ahaztu barik, koplea zer dan eta zer ez dan polemikak ahaztu eta ekin eta ekin segidutea da gure helburua.

7.- Kepa Arrizabalaga Sitzegaz urteak emon zenduzan plazarik plaza eta orain, barriz, alaba Mirenegaz zabiz jo eta su; Koplak airean eta Hamaikatxu kopla... Pandero baten konture! diskoak be plazaratu zenduezan eta entzuleen erantzun bikaina izan eben...

Bai, pozgarria da. Orain Kolpatuz diskoagaz gabiz azken ikutuak emoten eta Durangoko Azokan aurkeztu gura izan badogu be, azkenean atzeratu egin behar izan dogu diskoa kaleratzeko eguna. Promozinoa egiteko leku hobarik ez dago Durango baino eta diskoaren aurrerapena egiteko doinu bi dakarzan diskoa eskainiko dogu Landakon eta hortxe dago bideoa be, 40/04ko 2. argitalpena: Mailu hotsa.

Horrezaz gan, Kolpatuz diskoko singlea Ai, nik banenki! da eta dagoeneko plataforma digitaletan eta badok atarian dago.

8.- Kopla zaharrei uko egin barik, sorkuntza lanetan sartzeko gogorik badozu?

Bai. Sartuta gagoz. Buruan bueltaka beti darabildaz ideak eta ezin naz gora adi egon; zeuk dinozun lez, sortzeko prozesua etenik bakoa da eta kopla zaharrak gogoan beti dago zeregina. Lehen aitatu doguzan 40 horreetatik 35 sorkuntza barrikoak dira.

9.- Rufino Arrola (Andrakas), Luis Bilbao (Urduliz) eta Jose Jabier Abasolo Uribe Tiliño (Iurreta), Kepa Junkera (Bilbo) zer izan dira zuretzako?

Aitatu dozuzan horreek danak maisu, eredu dira niretzako. Rufinogaz hasi nintzan, Luis Bilbao ez neban ezagutu eta Tiliño eta Junkera beti izan dodaz alboan. Urteak pasau arren, sekula ez dodaz ahaztuko.

10.- Gazteagoen artean, Agus Barandiaran, Xabi Aburruzaga, Xabi Solano, Josune Arakistain, Eneritz Furyak eta holakoakandik zer ikasi dozu?

Gazteek beti ditue freskotasuna, idea eta jarrera batzuk eta horreek geure lanotara ekarten saiatzen gara baina horreek danak jaio ziranerako asko genbizan plazarik plaza eta espero daigun geure ekarpenok be erabiltea.

11.- Getxo Folk, Sevilla eta beste uri batzuetan ibili ostean, noiz ikusiko zaituegu zuzenean?

Orain momentuan ez dogu kontzerturik berbatuta baina Gabon bueltarako zeozerk urtengo dauela pentsetan dot.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu