‘Únicos en el mundo', Athletic Club-en 125. urteurrena gogoratzeko liburua plazan
2022-11-23 13:49 KultureaLiburua hil barri diran Patxo Unzueta eta Antonio Fernández Casado zurigorrien memoriari eskainita dago.
Athletic Clubek bere 125. urteurrena ospatuko dau 2023an, baina bere jarraitzaile leialenetako bik aurrea hartu deutse ospakizunari eta Únicos en el mundo liburua argitaratu dabe, talde mitiko baten historia errepetiduezina laburbatzen dauen liburua. Tomas Ondarra artista grafikoa eta Iñigo Crespo kazetaria dira liburuaren arduradunak eta Santiago Segurolaren berbaurrea dau, Bao Bilbao argitaletxeak mimo handiz atara dauena.
285 orrialdetan zehar, liburuak banan-banan gainbegiratzen ditu Athletic Club-en jarduerearen urteak, 1898an sortu zanetik aurtengo denporaldira arte, gerra zibileko urteen (1937 eta 1938) urte biko etenaldi bakarragaz.
Tomas Ondarrak urte bi emon ditu denporaldi bakotxeko irudi ikonikoenak batzen eta 120 ilustrazino txertatzen: Jokalariak, presidenteak eta entrenatzaileak zuri-gorrien gomuta kolektiboan ahaztuezinak diran eszenakaz batera: San Mames zaharraren irudiak, tituluen ospakizunak, kapitainek altxautako kopak, partidu historikoak, gabarrea, estadio barria eta animazino harmailea...
Iñigo Crespok Athleticen 125 urteko historiaren datu estatistikoak, sailkapenak, txantiloiak eta lorpenak laburbatu ditu. Lan nekeza izan da, kontuan hartuta, denporaldi bakotxerako orrialde bi baino ez dituala erabili. Esangura horretan, ligea sortu zanetik jokatutako denporaldi guztien laburpenagaz batera, azken sailkapenak, Kopako ibilbidea eta, holan bajagoko, Europako Lehiaketea agiri dira, baita jokatutako txapelketetan gehien nabarmendutako jokalarien eta golegileen zerrendea be.
Berbaurrea eta eskaintzea
Liburuak Santiago Segurola kazetari barakaldarrak idatzitako berbaurrea dakar. El País egunkarirako Athleticen kronistea izan zan hiru denporalditan eta, ondoren, egunkari horren Madrilgo erredakzino nagusian sartu eta kirol saila zuzendu eban zazpi urtez. Ondoren, Marca edo As lako hedabideetan lan egin dau, eta irrati eta telebista kateetan be ibili da esatari. Horreetan guztietan saio esanguratsuak egin ditu eta futbolaren munduko aditurik ezagunenetakoa da.
Segurolak Tomas Ondarragaz bat egin eban El País egunkariko erredakzinoan eta biak Madrilen ebilen hirugarren bilbotar eta zale zurigorri amorratu bategaz, Patxo Uzueta kazetariagaz batu ziran. Patxo Unzueta aurten bertan hil da. 70eko hamarkadaren amaieran eta 80ko hamarkadaren hasieran San Mamesetik egindako kronika ahaztezinak gogoan dituzte zale askok oraindik.
Liburua berari eta orain dala gitxi desagertutako beste zurigorri bati dago eskainita. Jaiotzez Valladolidekoa eta bihotzez bilbotarra dan Antonio Fernández Casadori. Hotelaren sasoi gorenean, Ercilla Hoteleko zuzendari egindako lanagaitik da ezaguna. Hotel-enpresaria izateaz gan, idazle be izan zan eta futbol-zaletasuna zezenketakaz buztartu eta Bilboko Cocherito Klubeko presidente be izan zan.
Egileak
Tomás Ondarra (Bilbo, 1963) infografoa, ilustratzailea, margolaria, diseinatzailea eta idazlea da. Umorista grafiko lanetan ekin eutson ibilbide profesionalari La Gaceta del Norten, gero El Correo eta La Nación de Buenos Airesetik pasau zan eta 1999tik, El País egunkariko infografia-erredaktore burua izan zan 20 urte baino gehiagoz. Nazinoarteko hamabost sari inguru jaso zituan bertan egoala. Ipar eta Hego Amerikako komunikabideentzako infografia-aholkulari izan da. Bilbora bueltau zanean, 2019an, Athletic Clubeko zuzendaritzako kide izan zan, Aitor Elizegi presidente zala.
Haren lan piktorikoa Bilbon (Azkuna Zentroa, BBK Aretoa, Zabalgunea, Ercilla Hotela, Arriaga Antzokia), Madrilen (Arte Eder Zirkulua eta Pantha Rei Galeria) eta Santiago de Compostelan erakutsi da. Hainbat lagunen liburuetako ilustrazinoak be egin ditu, Patxo Unzueta, José María Izquierdo, Juan Cruz, Antonio Fernández Casado eta Juan Cuetorenak, besteak beste. Eta hainbat liburu ilustratu argitaratu ditu, Botxoko gai eta personaia tipikoakaz: De Bilbao de toda la vida, De Bilbao ¡¡¡Ahivalahostia!!! –antzerkirako egokitu dana– ¿Dónde está Patxi en Bilbao? edo aurkezten dauen obrearen aurrekaria dan: El mejor equipo del mundo’, baita oraintsu argitaratu dauen Diario ilustrado del confinamiento de un athleticzale.
Iñigo Crespo basauritarrari jagokonez, Informazino Zientzietan lizentziaduna da Euskal Herriko Unibersidadean. Kazetaria da txikitatik, freelance profesional lanetan be ibili da hainbat komunikabidetan, 2017an bere Komunikazino Agentzia sortu eban arte.
Athletic Clubeko bazkide da 1982tik eta bere ibilbidearen zati handi bat klubaren historia ikuspegi askotatik ezagutzen eta sakontzen emon dau. Klubeko iturri estadistiko fidagarrienetako baten garapenean lan egin dau egunez egun, gizonezkoen zein emakumezkoen lehen taldea gogosn hartuz, partidu, hamaikako eta historian zehar elastiko zuri-gorria jantzi daben futbolari guztiakaz.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!