Jesus Mari Lazkanoren berbak 'Guggenheim Bilbao Insights'-eko bideo barrian
2022-11-23 13:35 KultureaMarta Blàvia arte-arduradunagaz agertzen da artista gipuzkoarra.
Artisten gogoetak ikus-entzunezko formatuan zabaltzeko sortu eban Bilboko Guggenheim Museoak Guggenheim Bilbao Insights izeneko bideo-sortea, pixkanaka aberasten eta osotzen doana. Egunotan atal barria ipini dabe ikusgai museoaren webgunean, Jesus Mari Lazkano artista bergararra protagonista dala.
Ikusi bideoa hemen.
Marta Blàvia arte-arduradunagaz egindako alkarrizketan, gai ugari jorratzen ditu Lazkanok. Esate baterako, Artikoko pinturak aitatzen ditu, orain dala bost urte sortutako proiektua, New Yorkeko The Arctic Circle fundazinoaren eskutik. Ipar Polorako bidaia artistiko-zientifiko batean parte hartu eban Lazkanok eta handik ekarri zituan ezin kontau ahala bozeto, marrazki eta akuarela.
Urdaibaiko estudiora bueltan, Ipar Poloan ikusitakoaz hausnarketa sakona egin eban artisteak, paisajeek izkutuan gordeten dauena eta giza jarduerak halako inguruneetan eragiten dituan ondorioak ardatz.
Guggenheim Bilbao Insights-eko bideoan garbi geratzen da Lazkanok konpromiso sakona dauela ingurumena jagoteagaz eta arteak errealidadearen aurrean dauen erantzunkizunaren alde dagoala. Paisajea modu tolesbako eta naifean begiratzeari itxi behar deutsagu, aitatzen dau ikus-entzunezkoan. Nire pinturak gonbidapena dira eztabaidatzera, zalantza egitera, baita gure inguruagaz dogun jarrerea berrikusteko be.
Lazkano eta Blàviaren bideoa ikusgai dago Guggenheim Museoaren webgunean, baita saileko aurreko bideo guztiak be (hemen). Orain arte, 13 artistak hartu dabe parte: Alyson Shotz, Jose Manuel Ballester, Ernesto Neto, Itziar Okariz, Esther Ferrer, Pello Irazu, Doris Salcedo, Jeff Koons, Aitor Ortiz, Elssie Ansareo, Prudencio Irazabal, Juan Luis Moraza eta Jesús Mari Lazkanok.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!