Alkarlanean Euskal Hezkuntza Sistema barria eskatu dabe Ikastolek

Bizkaie! 2022-11-23 12:43   Kulturea

Helburua sistema euskaldun eta integratzailea dala dinoe.

Ikastolen ordezkarien agerraldia (argazkia: Ikastolen Alkartea) | Ikusi handiago | Argazki originala

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoarako Hezkuntza Lege barria sortzeko bidean, lehenengo zirriborroa aurkeztu zan orain dala aste batzuk. Horren aurrean, Euskal Herriko Ikastolen Alkarteak desadostasun batzuk agertu ditu, eta zazpi lurraldeetako errealidadea eta beharrak kontuan hartuko dituen proposamenak plazaratu.

Horren barri emoteko, agerraldia egin dabe Ikastoletako arduradunek. Koldo Tellituk, Nekane Artolak, Elena Zabaletak eta Peio Jorajuriak emon ditue azalpenak, eskualde guztietan egindako eztabaida prozesuan esandakoetan oinarrituta. Ikastolen Alkarteko 113 zentroetako ordezkariak be egon dira adierazpena aurkezteko ekitaldian.

Euskerearen eta euskal kulturearen transmisinoa ezinbesteko helburutzat jo dabe Ikastolek etorkizuneko hezkuntzea definiduteko orduan. Hezkuntza Lege barria EAErako dala gogoan izan arren, zatiketa administratiboak gainditu eta zazpi lurraldeak kontuan hartuko dituan eredua aldarrikatu dabe.

Ikastolek aspalditik martxan daukien eredua eta konpromisoa gizarte osora zabaltzea eskaintzen dabe: euskal curriculuma, parte-hartzea, auzolana, gobernantza demokratikoa, barrikuntzea eta beste hainbat abantaila nabarmendu ditue adierazpenean. Indarguneok zabaltzeko marko barria beharrezkoa dala dinoe.

Segregazinoa amaitzeko eta euskerearen transmisinoa bultzatzeko, herri moduan erantzuteko eskatu dabe Ikastolek, eragileen arteko alkarlanean oinarrituta, gaur egungo ika-mikak ahaztuta. Horri esker, zerbitzu publikoa emon nahi dabe, baina herritarren parte-hartze zuzenduna.

Euskal Herri osoko hezkuntzeaz arduratuko dan Euskal Hezkuntza Sistema barria da, beraz, Ikastolen eskari nagusia. Hezkuntza Lege barriari esker, aukerea ikusten dabe gaur egungo markoa apurtu eta Euskal Herriko ikastetxe guztien arteko proiektuak sortzeko.

Orain arteko esperientzia erronka horri aurre egiteko bermea dala uste dabe Ikastolek, adierazpenean dinoenez: Sinisten dogu Euskal Herriko eragileon gaitasunean eta konpromisoan. Hezkuntza sistema barri baterantz egin nahi dogun bidean adostasunak bilatzeko ahalegina egin behar dogu danok, gure aukerea da.

EAEn bidea hasita, orain ezinezkoa dana egiteko oinarriak jarteko modua ikusten dabe, hau da, sistemea Euskal Herri osora zabaltzea. Ikastolak bide horretan laguntzeko prest dagozala ziurtatu dabe: Euskal Hezkuntza Sistema barri, ezbardin eta eraldatzailean sinisten badogu, batu gaitezan danok, itxi deiogun etorkizuneko Euskal Herriari atea edegita.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu