Maribel Aiertzak 'Txirolo' kaleratu dau

Bizkaie! 2022-11-23 10:32   Kulturea

Ibaizabal argitaletxeak plazaratu barri dau.



Durangoko Azokearen atarian, bertan erosi ahal izango dan liburua da Ibaizabal argitaletxeak plzaratu barri dauena: Txirolo, 10 urtetik gorakoei zuzenduta eta Manu Ortegaren ilustrazino erakargarriak eta iradokitzaileak dituana.

Gaiari jagokonez, Urko izeneko gaztetxo batek sufridutako jazarpena kontetan da liburuan. Aitaren lanik eza dala eta, etxea itxi eta itsasontzi txiki batean bizitean aldatzen direnean “Txirolo” ezizen mingarria jarten deutso eskolako oilarrak, Aitzolek. Baina arazo eta eraso guztien gainetik bere amesari jarraitzen deutso protagonistak.

Esan neike Ume eta Gazte Literatura alorrean idatzitako istorio errealistena dala. Askotan jaubetu naz edade horretako gaztetxoak fantasiagaz eta umekeriakaz nekatuta eta errealidadearen eremuan sartzeko interesagaz eta horreek gogoan sortu dot Txirolo, familiako eta lagunen arteko hartu-emonakaz batera garapen personala eta gatazken konponketak ardatz dituan istorioa bizia da, argi-ilunez betetako kontakizuna. 10 urteko protagonistak ikasturte batean sufriduten daben jazarpena kontetan dau lehen personan. Gehiegitan, helduok umeei arazoak ezkutatzen saiatzen gara sufrimendua ebitetako asmo ona edo ulertzeko kapaz ez diralakoan, ez dogu pentsetan lehenxeago edo geroxeago umeak jakin egingo dauela eta orduan sufrimendu bikotxa sortuko deutsagula. Holakoetatik sortu daitekezan desengainuak eta frustrazinoak, kezkak eta arazoak ezkutatzeko jokerak, hartu-emon korapilatsuak, jazarpenak,... Holan jazoten jake liburu honetako personaiei. Langabezia, pobretzea, adopzinoa eta HIESa lako errealidade gordinak agiri dira nabarmen. Baina ardura, arazo eta jazarpen guztien gainetik bere zaletasunari eta amesari jarraitzen deutso protagonistak.

Istorioa ezohiko kirol batean (skatean) eta biziteko modu batean (itsasontzian) girotuta jorratu dot. Begitantzen jat exotikoa eta erakargarria izan daitekeela irakurle gaztetxoentzat.

Maribel Aiertza (Etxebarria, 1962)

Berriatuan bizi da, literatura-sorkuntzan eta testugintzan dabil eta testu liburugintzan be kolaboretan dau.

Ibaizabalen Mara eta izar-saltzailea (Matxinsalto 45. zk. 2012), Jauregiko sekretua (Gaztetxo! 33. zk. 2016), Izaroren izarra (Txirrista 11. zk. 2020) eta Txirolo (Gaztetxo! 39. zk. 2022), argitaratu ditu.

Manu Ortega (Bilbo, 1971)

Bizkaitar ilustratzailea eta komikigilea da eta Bartzelonan bizi da. Marrazkilari, diseinatzaile eta ikusentzunezko eragilea da. Arte Eder ikasketak egin zituan Salamancan, Bilbon eta Kasselen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu