Azpeitian izango da 2023ko Bertso Eguna, urtarrilaren 28an

Bizkaie! 2022-11-22 12:40   Bertsolaritzea

Egun osoko jaia egingo dabe.

Euskal Herriko Bertsozale Alkarteak aurreratu dauenez, pandemia aurreko formatura bueltau eta egun osoko jaia izango da 2023ko Bertso Eguna. Azpeitian ipini dabe hitzordua, urtarrilaren 28an. Udalaren eta herriko alkarte ugariren laguntzinoari esker dator.

2018tik ibiltaria da Bertso Eguna. Lehen, beti egiten zan Donostian, urtero formatu bardinari eutsita, gitxi gorabehera. Azkenengo urteotan, pandemiak itxi dauen neurrian behinik behin, Euskal Herri guztiko herrietan ibili da jaialdia, eta danetariko jarduerak egiten ditue jagokon herriko kale, plaza eta alkarteetan.

Azpeitian be, herri osoa hartuko dau 2023ko Bertso Egunak. Egitaraua oraindino guztiz erabagi barik dagoan arren, zertzelada batzuk aurreratu ditu Bertsozale Alkarteak: 11:30ean batu eta kalerik kaleko poteoa egingo dabe, libreko bertso saio edegiakaz. Ondoren, 14:30ean, bertso bazkariak egongo dira Oilo Soro, Zulo Zabal, Ziripot, Oilagorra eta Txalintxo alkarteetan.

Gustu guztiak asetzeko asmoz, alkarte bakotxean bertsoagaz lotutako saio bat egongo da: libreko saioak, bertso saio musikatuak, gaiari erantzuten eta bertso jarriak. Hor ez da jaia amaituko, arratsaldean barriro poteoa egingo dabelako, eta 21:00etan, afaria Elikagunean. Afalostean bertso ekitaldia izango da Elikagunean bertan.

Laster jakin eragingo dabe egitarau zehatza eta parte hartuko daben bertsolarien izenak. Orduan jarriko ditue salgai txartelak.

1968an egin eben lehenengoz Bertsolari Eguna, gaur egungo Bertso Egunaren aurrekaria. Hainbat bertsolariren omenaldi eguna izaten zan hasieran baina 1995ean bestelako itxurea hartu eban egunak, omenaldi barik.

Donostian luzaroan egin eta gero, gogoetarako etena etorri zan 2017an, eta 2018tik Euskal Herri guztian dabilen egitasmo ibiltaria da, Bertsozale Alkartearen oinarrizko helburuakaz bat: herrialde osoan eragitea. Pandemiak eraginda, 2021ean eta 2022an data eta egiteko modua aldatu, baina 2023an urtarrilera eta egun osoko planera bueltetea da asmoa.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu