Pablo Milanés kantautorea hil da

Bizkaie! 2022-11-22 09:03   Musikea

Kubako troba barriaren ordezkaria 79 urtegaz hil da.

Kubako doinuek mundu zabalera eroan eben Pablo Milanés (1943-2022), kantu ezagunei eta hur-hurreko estiloari esker. Kubako troba barriaren sortzaileetako bat izan zan, Silvio Rodriguez eta Noel Nicolagaz batera, eta beraz, ugarteko panorama musikala bizibarritzearen arduradunen artean dago. Konpositorea, kantautorea eta gitarristea izan zan, besteak beste.

Musika tradizionala eta 1940ko estiloak izan ziran Milanesen lehenengo eraginak, Los Bucaneros taldean zein bakarka egindako lehenengo pausuetan. Auzi politikoek be eragina izan eben haren ibilbide musikalaren hasierako urteetan, Kubako Iraultzearen alde agertu arren, lan behartuak egiten bialdu ebelako, Castroren gobernuari kritikea egiteagaitik.

1970eko hamarkadan ezagutu zituan Silvio Rodriguez eta Latinoamerikako musikagintzearen berbizkundean parte hartzen ebizan artista ugari. Orduan sortu eben Kubako troba barria. Protesta kantuak eta doinu tradizionalak buztartu zituan Milanesek bere ibilbidean.

Mundu zabalean kontzertu ugari emoteaz gan, diskografia aberatsa osotu eban Milanesek. Bakarka, 40 disko plazaratu zituan eta taldeka edo kolaborazinoetan, dozenaka gehiago. Gaztelaniazko kantari ezagunenek kantau eben haren alboan, zuzenean edo diskoetan: Luis Eduardo Autek, Joan Manuel Serratek, Ana Belenek...

Errekonozimendu ugari be egin eutsezen, publikoagaz bat egiteko eukan gaitasunagaitik, jaioterriko musikea barritzeagaitik eta zaleen gogoan dagozan hainbat kantu sortzeagaitik. 2005ean Kubako Musikearen Sari Nazionala emon eutsen eta Grammy Sarietan be sarri saritu eben.

Kuba eta Espainia artean bizi zan azkenaldion. Minbizia diagnostikau eutsen arren, zuzeneko kontzertuak emoten segidu eban, baina azken egunotan ospitalean egon da. 79 urtegaz hil da Pablo Milanés.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu