100 bat kazetari eta editore batu dira sektorearen erronkei eta aukerei buruz esperientziak trukatzeko
2022-11-22 08:00 KultureaToki komunikabideen elkarteen topaketea izan da Bartzelonan.
Kataluniako tokiko prensearen alkarteak, ACPCk, tokiko prensearen eguna ospatu dau Bartzelonan astegoienean, bere 40. urteurreneko ospakizunei amaierea emoteko. Tokikom-eko 12 lagunek eta ORAI NLPko beste batek osotutako ordezkaritza batek bertan parte hartu dau, euskerazko toki komunikabideen esperientziak kontau eta estaduko beste toki komunikabide alkarteen barri jasoteko. 100 bat kazetari eta editore batu dira sektorearen erronkei eta aukerei buruz eztabaidatu eta eretxiak eta esperientziak trukatzeko.
Tokikom-en ordezkaritzeak topaketearen balorazino bikaina egin dau: Antzeko esperientziak ezagutu eta arazo bardintsuen aurrean emondako erantzunak eta urtenbideak ikusteko balio izan dau eta, bide batez, orain hamar 10 sortu zenetik egin dauen bidea antzeko beste alkarte batzuen aurrean erakutsi eta balioesteko. Gauzak holan dirala, Tokikom eta topaketearen atontzaileak bat etorri dira: Hurrengo pausua alkarlanerako bideak topetea da eta horretan hasiko dira lanean.
Associació Catalana de Premsa Comarcal alkarteak atondutako topaketea bariku arratsaldean hasi zan. Francesc Fàbregas ACPCko buruak nabarmendu ebanez, katalanontzat oso garrantzitsua da alkar ezagutzea. Hemen sinergiak sortu eta alkarrengandik ikastea da kontua, alkarrekin askoz indartsuagoak garela ahaztu barik.
Ondoren, alkarteetako ordezkariek hartu eben parte. Associació de Mitjans Digitals de la Comunitat Valencianako presidenteordeak, Manuel Furók, azaldu eban 53 komunikabide digital batzen dituela; horreetako batzuk tokikoak dira eta guztiak 2006tik kazetaritzeari prestigioa emoteko alkartuta dagoz eta urtean 100 miloeorrialdeetara heltzen dira.
Miquel Àngel Marquès-ek Associació de la Premsa Local de Menorca alkartea aurkeztu eban. Azaldu eban 1991an sortutako erakundeak hamar argitalpen batzen dituala, beti katalanaren alde lanean. Associació de Premsa Comarcal Valenciana, barriz, 2015ean sortu eben, ACPCren ereduan oinarrituta. Luis Peidro idazkariak ondokoa adierazo eban: Alkartea sortzeko arrazoi nagusia geure burua ezagutzera emotea zan, ez administrazinoek ezta iragarle handiek ez euskuelako bape kasurik egiten. Ordutik, 12 egunkari gara, danak papelean eta ordainpekoak.
Associació de la Premsa Forana de Mallorca alkarteak, barriz, 48 argitalpen batzen ditu eta 1980an sortu zan. Rafel Puigserver buruak aurkeztu eban: Herriz herriko errealidadea ondoen islatzen dogu eta azken urteotan ahalegin handia egin dogu edukiak digitalizau eta Mallorcako oinarrizko hemerotekea sortzeko.
ACPCko idazkariak, Joan Carles Codolàk, azaldu eban orain 41 urte sortu ebela alkartea, beti be bazkideei laguntzeko, hedabideak modernizetan, administrazinoagaz eta enpresa handiakaz negozietan publizidade sarrerak handitzeko eta langileentzako prestakuntzea eskainiz.
Tokikom-eko aurkezpena alkarteko buruak, Iban Arantzabalek egin eban: Aurten 10 urte beteten dituan euskerazko toki komunikabideen bateragunean 28 bazkide gara, 76 komunikabide eta hareetan lan egiten daben 200 lagun baino gehiago. Adimen artifizialaren aukeren adibide praktiko bat be erakutsi eban, ORAI
NLPko Igor Leturiaren laguntzaz: Euskerazko ondo etorriko mezua momentuan bertan grabau, itzuli eta ahots sintetiko bategaz bikoiztu eben % 100 prozesu automatikoan.
Alkarteen aurkezpenak amaituta, lan-lerro eta esperientzia zehatzen txandea heldu zan. Lehenengo eta behin, Gorka Zabaleta UKTko koordinatzaileak Tokikom-ek bazkideei eskaintzen deutseen tresna digitalen mapea azaldu eban, bazkideei baliabideak eskainiz erronka digitalei aurre egiteko, alde editorialean zein kudeaketan eta publizidadean eta, garrantzitsuena, lan tresnak, moldeak eta estrategiak alkarlanean jorratu eta konpartiduteko asmoz. Hari berari tiraka, Tokikom-eko zuzendariak, Alaitz Artolazabalek, publizidade kanal bateratuaren barri emon eban.
Topaketeari amaierea emoteko eta ACPCren 40. urteurrena ospatzeko gala hunkigarria egin eben katalanek zapatu arratsaldean. Bertan, ACPCk berak gazteen artean atondutako sarien banaketea egin eben eta Rosa María Calaf kazetari ezagunak be ohorezko saria jaso eban, kazetaritzearen munduan egindako ibilbideagaitik, aretoa bete eben 400 lagunen aurrean eta musika eta umorea tartekatuta.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!