Lea-Artibai BBK Sariketako finalean da
2022-11-22 08:16 BertsolaritzeaUribe Kostako seikoteak baino puntu gehiago batu ditu Zornotzako saioan.
Ordutegia aldatuta heldu dira XXX. Bertsolari Gazteen BBK Sariketako finalaurrekoak: aurreko faseko saioak goizez jokatu ziran baina arratsaldez izan da lehenengo finalaurrekoa, Zornotzako Zelaieta Zentroan. Oholtzan, Xabier Irakulis aurkezlearen aginduetara, Uribe Kosta eta Lea-Artibaiko seikoteak nor baino nor, eta bigarrenak izan dira nagusi.
Saioa irabazteagaitik, zuzenean sartu da finalean Lea-Artibaiko taldea. Abenduaren 1ean jokatuko da azken saioa, Bilbon. Uribe Kostak, ostera, amaitu dau aurtengo edizinoko lana, final laurenetan irabazi baina finalaurrekoetan aurrera egin ezinda.
Lea-Artibairen izenean, Amaiur Galdos, Ariane Sololuze eta Ziara Larrinaga ibili dira kantuan, 18 urtera artekoetan. 24 urtera artekoen hirukotea Enare Muniategi, Bittor Altube eta Garazi Navarro izan da.
Uribe Kostako taldeak honako talde hau aurkeztu dau Zornotzan: Naroa Jaio, Maialen Lago eta June Diaz 18 urtera artekoetan; eta Peio Lago, Peru Irastorza eta Paule Loizaga 24ra artekoetan.
Epaimahaian honeek egon dira: Beñat Romero, Miriam Juaristi eta Juanjo Respaldiza. Idazkaria Ander Elortegi izan da.
Bigarren finalaurrekoa eguaztenean, hilak 23, izango da, Barakaldoko Hizkuntza Eskolan, hori be arratsaldez (18:00). Durangaldea eta Uribe Butroe lehiatuko dira, eta irabazleak finalean lekua izango dau.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!