Epe luzeko ikuspegia eta adostasuna landuko ditu Euskerearen Gogoetaguneak

Bizkaie! 2022-11-21 08:10   Euskerea berbagai

Euskaltzaindiak jarri dau martxan eta Jon Sarasua da koordinatzailea.

Euskaltzain eta aditu ugari batu dira Euskerearen Gogoetagunearen aurkezpenean (argazkia: Euskaltzaindia) | Ikusi handiago | Argazki originala

Gaur egun euskereak bizi dauen egoerea aztertu, XXI. mendeak dakarzan erronkak identifikau eta ikuspegi guztiak batzeko asmoz, epe luzeko egitasmoa sortu dau Euskaltzaindiaren Jagon Sailak, Euskerearen Gogoetagunea. Danetariko eretxiak irakurri geinkez han eta hemen baina, egitasmoaren koordinatzaile Jon Sarasuaren ustez, elementu baten faltea dago: etorkizuneko ikuspegia, eta horretara norabideratutako arnas luzeko estrategia nagusien marrazkia.

Jon Sarasua koordinatzaileagaz batera, Ibon Usarralde idazkari teknikoa eta hamar laguneko kontraste-taldea dira Euskerearen Gogoetaguneko partaideak. Euskaltzaindiaren Jagon Sailaren babespean ekitea aproposa begitandu jako Sarasuari, berezkoa dauelako eztabaidarako eta gogoetarako jokerea.

Asmo zehatzak ditu ekimen barriak, koordinatzailearen esanetan: hizkuntza komunidadearen diagnostikorik finenak eta pentsabiderik onenak arrago batera batu nahi ditu guneak, ikuspegi desbardinak alkarrizketan jarteko moduko sinisgarritasunez.

Euskerearen Gogoetalekutik urtengo daben idea eta proposamenak gizartearen esku ipiniko ditue. Era berean, erakunde publikoen eta ganerako eragileen esku egongo da esandakoa praktikara eroatea, hizkuntza-politiken zein bestelako estrategien bidez.

Dagoeneko emoitza batzuk emoten hasi da Gogoetagunea. Sarasuak berak Euskararen biziberritze prozesuaren etorkizun ikuspegia izeneko ponentzia aurkeztu dau jentaurrean eta kontraste-taldean beste ponentzia bat be adostuta dabe: Euskararen egoeraren diagnostikoaren sintesia, Olatz Altunak eta Jon Aizpuruak atondua. Datorren urtean beste bost ponentzia aurkeztea da aurreikuspena eta aurrerago beste sei-zazpi. Kontraste-taldean aztertuko dira guztiak, eztabaida publikorako baliagarri izan daitezan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu