Lan-deialdi publikoetako probak gaztelaniaz egiteko eskatzen jake hautagaiei

Bizkaie! 2022-11-18 12:47   Euskerea berbagai

Hautaketa prozesuetan euskeraz parte hartu nahi daben herritarrak diskriminau egiten ditue.

Azkenaldian, lanpostu publikoetako hizkuntza-eskakizunen gaiak zer esan handia emon du: Administrazino publikoan, bai eta zerbitzu publikoak eskaintzen dituen azpikontratautako enpresetan egiten diran deialdietan, zerbitzua euskeraz eskainiko dala bermatzeko neurri garrantzitsuena dira hizkuntza-eskakizun horreek. Lanpostuak elebidunak izatea beharrezkoa da herritarrei euskarazko zerbitzua bermatzeko, baita langileen euskeraz lan egiteko eskubidea bermatzeko be. Herritarren eskubide kontua da, beraz, administrazinoak bermatzeko betebeharra dauena.

Halan da be, gitxitan jorratzen da hautaketa prozesuetan zein berauek euskeraz eta gaztelaniaren aurrean bardintasunean aurrera eroan ahal izateak dauen garrantzia, batez be euskeraz jakitea nahitaezkoa dan lanpostuetan, izan be, hainbat dira gaur egun hautaketa prozesuetan euskeraz parte hartzeko dagozan ezintasun eta trabak.

Alde batetik, hainbat prozesutako probak, azterketak zein bestelakoak, teorian euskeraz egin ahal izatea ahalbidetzen dan arren, errealidadea oso bestelakoa da. Adibidez, proba psikoteknikoen kasuan azterketea euskeraz egitea eskatu arren, gaztelaniaz pasau behar izaten ditue hautagaiek. Administrazino publikoetatik emoten diran erantzunetan, hainbat aldiz aitatu izan da era honetako probak ez dagozala euskeraz egin ahal izateko homologatuak, baina urteak joan ahala ez jako konponbiderik emon. Honi lotuta, azterketak euskeraz egin nahi dituen personek ahalegin berezia egin behar izaten dabe, izan be, hautagaiaren esku jarten diran ikasgai, material, liburu zein bestelakoak gehienetan gaztelaniaz baino ez dagozalako eta horrek ziurbakotasuna eta bardintasun faltea eragiten deutse hautagaiei. Edota, hainbat deialditan jazo dan legez, euskerazko galderak ulergatxak izan dira eta hautagaiek gaztelaniazko galderak be eskatu behar izan ditue, dudak sortzen zituelako. Ondorioz, lan deialdi publikoetako hainbat hautaketa-prozesutan,
hautagai euskaldunei probak gaztelaniaz egiteko nabarmendu jake.

Bestalde, titulartasun publikoko enpresetan be sarritan jazoten dana salatu dau Behatokiak, izan be, enpresa horreetako askotan hautaketa prozesua enpresa pribatuei esleitzen jake eta esleipen kontratu horreetan zerbitzua euskeraz emon ahal izateko baldintzak ezarri daitekezan arren, ez dira horretarako neurri egokiak hartzen. Ondorioz, arazoak sortzen dira hautaketa prozesua euskeraz egin daitekeela bermatzeko, edota ez da ezelako neurririk hartzen euskerazko zerbitzua behar bezela balorauko dala bermatzeko.

Euskotren enpresa publikoan oraintsu jazotakoa deigarria da: Irailean, Euskotrenek barruko 15 deialdi atara zituen guztira; horreetatik lauk baino ez dabe izan nahitaezko hizkuntza-eskakizuna, enpresa honen izakerea dala eta, kalidadeko zerbitzu bat emoteko euskeraz jakitea berebiziko garrantzia dauen arren. Barruko-deialdi horreek aurrera eroateko esleipen prozesuaren oinarrietan argi ezartzen da enpresa horrek gitxieneko batzuk bete behar dituala prozesua euskeraz egin ahal izateari begira. Errealidadea, ostera, oso bestelakoa izan da:

− Izen-emote prozesua eta argibideak gaztelania hutsean ezarri dira.

− Fase psikotekniko osoa gaztelaniaz edo ingelesez egin behar izan eben hautagaiek, ez baitzan euskeraz egiteko aukerarik emon. Gainera, gaztelaniazko ortografia eta gramatikeari buruzko galderak ezarri dira, baina euskerazkorik ez.

− Nortasun-testa be gaztelaniaz egin behar izan dabe.

− Prozedurea eroaten ebenen azalpen guztiak gaztelaniaz izan dira eta dudak euskeraz argitu nahi izan ezkero, gaztelaniaz egiteko eskatu jake hautagaiei.

Behatokiaren eretxiz, onartezina da 400 hautagai baino gehiagok parte hartzen daben enpresa publiko bateko hautaketa prozesuan euskereari tratamendu hori emotea. Gainera, alor publikoko beste hainbat enpresatan antzeko kasuakn izan dira, Behatokiak jaso dituen kexen arabera.

Azkenik, Behatokiak eskaera zehatzak egin deutsee administrazino eta enpresa publikoetako arduradunei, hautaketa prozesuetan euskeraz parte hartu nahi daben herritarrak ez deiezan diskriminau eta aukera bardintasuna bermatzeko. Behatokiak eskatu dau euskerazko proba psikoteknikoak homologetea, azpikontratautako enpresek egiten dituen hautaketa prozesuak euskeraz egin ahal izateko klausulak txertatzea eta beteten dirala gainbegiratzea, ikasgaien materiala euskeraz eskaintzea gaztelaniazkoen kopuru berean eta euskarazko probetako galderen hizkuntza-zuzentasuna zaintzeko neurriak jartea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu