Finala helburu, sei bertsolari Amurrioko saioan
2022-11-18 10:22 BertsolaritzeaBigarren itzulia hasiko da zapatuan, hilak 19.
Irailean hasi ziran 2022ko Bertsolari Txapelketa Nagusiko Kanporaketak eta, pare bat hile geroago, geratzen diran 18 bertsolarientzat momentu erabagigarria heldu da, zirt edo zart egitekoa. Izan be, finalaurrekoetako bigarren itzulia hasiko da Amurrion zapatuan, hilak 19. Itzuli bietako puntuak batuta egingo dabe sailkapena, eta lehenengo zazpirak sartuko dira finalean, zuzenean sailkatuta dagoan Maialen Lujanbio txapeldunagaz batera.
Finala buruan dabela kantauko dabe, beraz, Amurrioko Bañueta kiroldegian (17:00) alkartuko diran sei bertsolariek. Honeentzat, ahalik eta puntu gehien batzeko azken aukerea izango da zapatukoa. Agin Laburu, Aitor Bizkarra, Alaia Martin, Miren Artetxe, Oihana Iguaran eta Onintza Enbeita dira, eta gai-jartzailea Beñat Vidal izango da.
Duda barik, Alaia Martinek dau finalean sartzeko aukerarik handiena, lehenengo itzulian puntu gehien batu zituana izan zalako, saio guztiak kontuan izanda (729,5). Orain arteko maileari eutsi ezkero, seguru izango da Iruñean. Oihana Iguaranek (688,5), Aitor Bizkarrak (677,5) eta Agin Laburuk be (677) eskura dabe finaleko txartela.
Finalaurrekoetako bigarren itzulian honeek ibiliko dira epaile: Ainhoa Sarasua Lascaray, Aitor Jimenez Tolosana, Amaia Otxotorena Gamio, Iñaki Aurrekoetxea Arkotxa, Mirari Azula Aurrekoetxea, Nerea Bruño Artazkoz eta Zigor Leunda Eizmendi. Idazkariak Joxe Mari Altuna Berridi eta Itziar Basterretxea Olarreaga izango dira Amurrion.
Amurrioko saiorako sarrerak eskuragarri dagoz interneten, Bertso Sarrerak webgunean. Ganera, egunean bertan, 15:00etan txarteldegia edegiko dabe, eta hor sarrera gitxi batzuk egongo dira salgai. Bestetik, Bizkaie! webguneko irakurleen artean saio batzuetarako sarrerak banatzen gabiz; abenduaren 3an Bilbon jokatuko dan azken finalaurrekorako izango dira hurrengoak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!