I. Mercedes Kareaga Bekea Begoña Etxenagusia Atutxa ikerlariak irabazi dau

Bizkaie! 2022-11-18 09:40   Kulturea

Kareagaren biografiari genero-ikuspegiko hurreraketa historikotik heltzeko asmoa nabarmendu dabe.

Begoña Etxenagusia Atutxa | Ikusi handiago | Argazki originala

Egoibarra Batzordeak ontzat emon dau Epaimahaiak (akta, PDF) Begoña Etxenagusia Atutxa (Iurreta, 1969) ikerlariari emoteko proposamena. Epaimahaiaren eretxiz, Begoña Etxenagusiaren proiektuak oso ondo zehaztu dau lanaren ikerketa-esparrua eta helburua, hau da, Mercedes Kareagaren biografiaren idazketeari genero-ikuspegia dauen hurreraketa historiko baten bidez ekitea eta haren bizitzan zehar ikertutako aldi historikoak testuinguru egokian kokatzea: Primo de Riveraren diktadurea, Bigarren Errepublikea, Gerra Zibila, Francisco Francoren diktadurea eta, azkenik, aldi demokratikoa. Hori guztia, etenbako aldaketa politiko eta sozialean emakume lez eban rolagaz lotuta.

Kareagaren bizitzea testuinguruan jarten dauen garaiari buruzko hutsune nagusienak aitatu ditu eta jakitun da artxibo-lan handia egin beharko dauela ikerketea aurrera eroateko; horrek balio gehigarria eransten deutso proiektuari, zailtasunak zehazteaz gan, zailtasun horreek gainditzeko bideak erakutsi ditualako.

Kazetaritzan lizentziaduna eta Historian doktorea, Begoña Etxenagusiaren ikerketa-esparru nagusia kolonialismoaren ingurukoa izan da. Marokoko espainiar protektoraduan prostituzinoak izandako presentzia nabarmena aztertzen dauen “La prostitución en el Protectorado español en Marruecos 1912-1956” bere doktore-tesia 2019an aurkeztu eban Bartzelonako Pompeu Fabra Unibersidadean.

Halan da be, beste hainbat gairi buruzko artikuluak be argitaratu ditu: 99/22 Spassk, marinos vascos en el gulag (Deia), hamalau euskal marinelen patuari buruzkoa; edo Claudek: paisaje de devastación (Deia) Claude-Marguerite de Kinnoull fotokazetari ingelesaren historia, 1937ko apirilaren 24ko eta 25eko bonbardaketen ondoren, Eibar oraindino sutan zala, handik egun bira, gorriek eragindako hondamendia erakusteko argazkiak atara zituana.

Begoña Etxenagusia Atutxak 20 hile ditu lana amaitzeko. Lan nekeza, gizarte arloan egin eban lanagaitik Eibarko emakume errespetatuenetako baten biografia taiutzen saiatzeko: Mercedes Kareagarena, hain zuzen be.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu