Lehenengo nobelea plazaratu dau Anari Alberdik
2022-11-18 09:06 KultureaEmakume baten bidaia bi kontetan ditu Gari eta goroldiozko liburuan.
Musikagintzan ibilbide luze eta oparoa egina dau Anari Alberdik, baina, oholtza ganeko jarduna itxi barik, literaturara salto egitea erabagi dau. Anarik berak esan dauenez, kantuen bidez azaldu ezin dituenak kontetako erabili dau literaturea. Gari eta goroldiozko dau lehenengo nobelea eta Susa argitaletxearen eskutik dator.
50 urte inguruko emakume baten bidaia bi kontetan ditu liburuan. Lehenengo bidaia zinema-aretotik etxera bitartean egindakoa da; bigarrenean, amaren parteko familiaren aspaldiko etxera doa. Ganera, bidaiak eurak azaltzeaz gan, gogoeta ugari tartekatu ditu Anarik, txatal lez.
Personaiaren ezaugarriak eta ibilerak kontuan izanda, garbi dago autorearen beraren bizipen eta gogoetetan oinarrituta dagoala. Antzekotasunak kointzidentzia hutsak dirala esan dauen arren, buruan erabili dituan petsamendu ugari papelera ekarteko bidea izan da Gari eta goroldiozko. Esate baterako, 13 olibondo jagoteko ardurea jaso eban oinordetzan, eta horrek badau loturea bigarren bidaiagaz.
Dana dala, bizipenek edo gogoetek baino, kontetako moduak dau garrantzia Anari Alberdirentzat. Denporea be ezinbesteko elementua da, baita memoria be. Musikea sortzen dauenean zein literaturea idazteari ekin deutsanean, atzerako espilua begiratzen dauela dino. Oraingoan, bete-betea topau dau memoriaren gordelekua.
Izenburuak be badau arrazoi garbi bat, autoreak azaldu dauenez. Bernardo Atxagaren Obabakoak liburuan topau eban lehenengoz gari eta goroldiozko esamoldea, personaia baten deskribapenean, eta gogoan izan dau geroztik. Bere bizitzako paisaje biak agertzen ditu esaldiak.
Donostian aurkeztu dau liburua Anari Alberdik, jente ugari batu dituan ekitaldian. Beragaz batera egon dira Susako Leire Lopez Ziluaga eta Jose Luis Otamendi.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!