'Artearen euskal sistemea, konstelazino bat da, ugartegi bat'

Bizkaie! 2022-11-17 13:53   Kulturea

Bilboko Arte Eder Museoko handitze lanen lehenengo harria jarteko ekitaldi instituzionala izan da gaur.

Gaur, museoaren kanpoaldean, Artetxe Kondearen zumarkaleko kristalezko fatxadearen ondoan egindako ekitaldian, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiriagaz batera honako honeek parte hartu dabe: Euskera, Kultura eta Kiroleko foru diputadu Lorea Bilbaok, Bilboko Udaleko alkate Juan Mari Aburtok, BBK Banku Fundazinoko presidente Xabier Sagredok, proiektuko arkitektoak diran Norman Fosterrek eta Luis Maria Uriartek, Museoko zuzendari Miguel Zugazak, eta Museoaren Lagunen kolektiboaren ordezkariak diran Carmen López Niclósek eta Rut Salaverrik.

Denporearen kapsulea egunkariakaz, txanponakaz eta obrearen hasierarako azken izapidea formalizetan dauen zuinketa-aktearen kopia bategaz lurperatu eta, Chillida hallean, Fosterrek eta Uriartek emon deutse amaierea ekitaldiari, obrearen hasierea sinbolizetan daben eta Museoaren diseinu industrialaren bilduman gordeko diran paletako bat sinatuz —Gipuzkoako ehun urteko Bellota tresna-markakoa—.

Museoaren zuzendari Miguel Zugazak bertaratutakoak agurtu ditu Xabier Sagredoren hitzaldia aurkeztu aurretik. Sagredok adierazo dauenez, jazoera garrantzitsu barri honi esker, erakundeok alkarregaz jardunez emondako bost hamarkada barrituko ditugu, bultzadea emongo deutselako BBK Museoa gunean. 2.000 metro koadro baino gehiago izango dituan guneak erakusketen eta jarduera publikoen programa bizia eskainiko dau. Bestalde, gogoratu dau proiektua gauzatzeko beharko diran 22 hileotan museoa edegita egongo dela ia beti eta BBKateak formatu dinamikoaren arabera erakutsiko dala bildumea, artearen historiako hainbat alditako artisten arteko topaketakaz.

Bestetik, Juan Mari Aburtok nabarmendu dau eraldaketa arkitektoniko erabagigarri honen ibilbide-orria 2019-2022 Plan Estrategikoan finkatu zala (plan hori 2018an onartu eban museoaren Patronatuak) eta hori lortzeko lehen urratsa Bilboko Arte Eder Bilboko Museoa handitu eta erabarritzeko proiektuen nazinoarteko lehiaketearen deialdia izan zala, 2019. urtearen hasierakoa. Alkateak Norman Fosterren talentua Bilbon barriro izateko aukera bikaina nabarmendu dau, Luis María Uriarteren lanagazn batera, protagonismo liluragarria eta barria eskaintzen baiteutso Estaduko arte-museorik beteranoenetako eta garrantzitsuenetako bati. 

Gaurko ekitaldiagaz, museoak amaierea emon deutse handitzeko prestatze-lanei eta, esangura horretan, Bingen Zupiriak adierazo dauen lez, aro barria edegi baitau gure instituzinoarentzat, baina aparteko inportantzia dau, gure arte-sistemako instituzino dekanoetako baten bilakaerea azpimarratzen baitau eta, holan, haren iraunaldia berresteaz gan, instituzinoek kulturearen ahalmen eraldatzaileari emoten deutsen laguntzea eta herrialdeari egiten deutsen ekarpen baliotsua indartzen ditu.

Bingen Zupiriak ondokoa nabarmendu dau: Bilboko Arte Eder Museoa beti ahalegindu da bere zeregina beteten, euskal artearen erreferentzia izaten eta aldi berean eten barik geure inguruan jazoten ziran barrikuntzen jarraipena egiten. Eta beti ahalegindu da bere eraikinaren neurria eta estiloa garai bakotxari egokitzen. Gaur, museoa handitzeko lehen harria jarteak aukerea emoten deusku etorkizunari begiratzeko eta artearen euskal sistemaz berba egiteko. Artearen euskal sistemea, konstelazino bat da, ugartegi bat. Bertan erakunde bakotxak bere funtzinoa dau, baina sarean dabiz eta guztien artean sistemea indartzen dabe. Bilboko Arte Eder Museoa mugarri bat da sistema horretan, bere garrantziagaitik, bere kolekzinoagaitik eta eskaintzen dauen indarragaitik.

Zupiriak Bilboko museoak dauen garrantzia azpimarratu dau: Museoaren kolekzinoa osotzerakoan ezinbestekoa izan da gizarteko ordezkariakaz izandako hartu-emonak, jasotako eta jasoten dituan donazinoen garrantzia eta bere sasoiko artista biziakaz dituan hartu-emonak eta alkar eragina. Museoaren gune barriak aukerea eskainiko deusku etorkizunari ilusinoz eta anbizinoz begiratzeko. Aukerea, ikuspegi barriak pizteko. Audientziagaz hartu-emon barriak sustatzeko. Eta artea, ikerketea, diseinua, arkitekturea eta beste zenbait arlo lotzeko.

Amaitzeko Norman Foster-ek honako hau nabarmendu dau: Sano pozten gaitu joaneko kultura-ondarea etorkizuneko museoagaz lotuko dauen proiektu baten sorrerea ospatzeak. Arriaga Atariko topagune barritik galeria barri eta zabaletara joango da bisitaria eta, azkenean, museoaren kokapen ezohikoa ospatzen dauen kanpoko terrazea ezagutuko dau. Luis María Uriartegaz eta museoko taldeagaz dogun lankidetza estuaren emoitzea errealidade bihurtzear dago. Eskerrak emon nahi deutsedaz Bizkaiko ahaldun nagusiari, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, Bilboko Udaleko alkateari eta BBK Banku-Fundazinoaren presidenteari, arteak uriaren bizitzan dauen zeregin eraldatzailean sinisteagaitik.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu