Andoni Martinez Barañano euskal tenoreak ‘Memoria' kaleratuko dau

Bizkaie! 2022-11-17 12:30   Musikea

Luis Marianoren abesti ikonikoenak gogora ekartea da asmoa.



Datorren eguenean, zemendiaren 24an, Andoni Martinez Barañano tenore euskaldunaren bigarren disko-proiektua Memoria argitaratuko dabe, Mariano euskal tenore unibersalenaren abesti ezagunenar dakarzana. Aurretik, zemendiaren 18an, barikuan, La Belle de Cadix eta Maitechu-ren aurrestreinaldiaz gozau ahal izango da plataforma digitaletan.

Diskoa Estudio Unon (Madril) grabau eban 2022ko zezeilean, Gabriel Peso pianisteagaz batera eta Luis Marianoren 12 abesti ezagun batzen ditu, euskeraz, gaztelaniaz eta frantsesez abestuak, besteak beste, La Belle de Cadix, Violetas Imperiales, Ezin Ahaztu, Maitechu, Biarritz, Zambra gitana, Maite eta María Luisa. Gainera, Memoria aurkezteko kontzertuan moldatutako eta interpretautako bost kantu ditu musika moderno/jazz ensemble bategaz batera, belaunaldi gazteagoak be hurreratzeko asmoz, baina 50eko eta 60ko hamarkadetan hain ezagun egin eben Luis Marianoren esentzia, egiteko eta abesteko modua galdu barik.

Diskoa formatu fisikoan be kaleratuko da laster, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren babesari esker.

2020an, Andoni Martínez Barañanok etxeko balkoitik emondako kontzertu txikiakaz publikoa erakartea lortu eban eta sare sozialei eta komunikabideetako oihartzunari esker, opera, zarzuela, bolero eta mariatxi abestiakaz sano ezaguna egin zan; arratsaldero, 20:00etan, ekiten eutson kanteteari COVIDak
sortutako konfinamendua animetako. Kontzertu hareetatik Desde mi balcón a tu corazón disko solidario bat eta kontzertu birea sortu ziran.

Orain, Martinez Barañano Luis Marianori begira dago, bera eta Euskal Herriko, Espainiako, Frantziako eta Latinoamerikako hainbat belaunalditarako erreferente musikala, Memoria diskoa argitaratuta: Lirikea maite dot. Luis Marianoren ahotsaren tinbre ederrak, adierazoteko eta esateko dauen dotorezia parebakoak dira.

Zemendiaren 24an Memoria diskoa argitaratu eta egun bi aurrerago, 26an, Fair Saturday jaialdiaren barruan, diskoaren aurkezpen kontzertua emongo dau Bilboko Abando Hotelean eta, urtarrilean, Frantzian, Avignonen hainbat kontzertu emongo ditu.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu