UEMA arduratuta dago arnasguneetan euskerea gitxiago erabilten dalako
2022-11-17 11:16 Euskerea berbagaiEtxeko erabilereak egin dau behera, batez be.
Euskaldun gehien dagozan herrietan, arnasguneak diralakoetan, euskerearen erabilereak behera egin dauela ikusi dau UEMAk, 2021ean Eustatek plazaratutako datuak aztertuta eta aurreko urteetako neurketakaz konparauta. Hori dala eta, arduratuta agertu dira mankomunidadeko ordezkariak, izan be, ezagutzearen beherakadea eten dan arren, udalerri euskaldunenetan gero eta euskera gitxiago berba egiten da.
Eustaten datuak EAEkoak dira, hortaz, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako udalerriak sartzen dira azterlanean. UEMAk ohiko mugea erabili dau arnasguneak zeintzuk diran erabagiteko: biztanleen artean % 70 edo gehiago euskaldunak diranak.
Aurreko urteetan, arnasguneetako herrietan gero eta euskaldun gitxiago egozala erakusten eben datuek. Beheranzko jokera hori eten da, baina gora be ez doa erabilerea. Horri gehitu behar jako 2021eko neurketeak erabilereaz dinoana: 1991n, % 72ko ezagutzea eta % 54ko erabilerea egozan; 2021ean, % 73ko ezagutzeagaz, % 41era bajatu da erabilerea.
Faktore ugarik azaldu leikie erabilerearen jatsierea. Batetik, lehen hizkuntzea euskerea daben euskaldunak gitxiago dira gaur egun; bestetik, etxeko erabilereak izan dauen beherakadea be nabarmentzekoa da. Azken hori lotuta dago hizkuntza bakotxean herritarrek daben erraztasunagaz, ohiturakaz, bizimoduagaz...
UEMAren ustez, udalerri euskaldunetan be gero eta euskaldun gehiago dira euskerea bigarren hizkuntzatzat jaso dabenak, edo etxean hizkuntza biak jaso dituenak. Biztanle-mobimenduak dagoz horren oinarrian, ez transmisinoaren etena.
Datuak zehatzago aztertzeko, txostena atondu dau UEMAk. Bertan jorratzen dira udalerri euskaldunetako egoera soziolinguistikoagaz lotutako alderdi ugari: demografia, ezagutzearen bilakaerea, lehen hizkuntzea eta hizkuntza-transmisinoa, udalerrien tipologia eta etxeko erabilerea, besteak beste.
Irakurri txostena hemen (PDFa, 43 orrialde).
UEMAko lehendakari Iraitz Lazkanok adierazo dau datuok arduratzeko modukoak dirala. Analisia egiteko orduan, lau arlotan jarri dau arretea:
Batetik, mankomunidadeak aspaldi agertutako ardurea erakusten dabe datuek, hau da, udalerri euskaldunetan atzeraka doala erabilerea. Ezin dogu udalerri euskaldunetako egoerea arrosa kolorekoa irudikatu; jakina, ganerako eremuetan baino hobea da, baina jokerea negatiboa da, dino Lazkanok.
Bigarrenik, hizkuntza-politika aurreratua ezartearen beharra azpimarratu dau, euskaldunen garapena helburu izango dauena eta politika sektorialetatik harago joango dana. Euskerearen egoeran eragina dabe beste hainbat eremutan eta sailetan egindako politikek, baita egin ez diran politikek be.
Arduraz jokatzeko eskatu dau Lazkanok hirugarrenik: bideak jarri behar doguz gainbeherea eteteko. Lege-babesa behar dabe arnasguneek, eta hareen garapena bermatuko daben egiturazko neurriak hartzea.
Azkenik, UEMAn sartzeko deia egin deutse udalerri euskaldunei Iraitz Lazkanok. Era horretara, arnasguneen erronkei alkarlanean aurre egin ahal izango jake. Udalerri euskaldunen lurgunea sendotzeko eta alkarregaz euskerearen bizibarritzeari hauspoa emoteko bidea hori dala dino.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!