Segurtasun sailaren erabagiak herritarren eskubideak kaltetu leikez

Bizkaie! 2022-11-17 09:12   Euskerea berbagai

Zerbitzu egokia emoteko ez da nahikoa agente gitxi batzuk baino ez jakitea euskeraz.

GarbiƱe Petriati Behatokiko teknikaria eta Agurne Gaubeka Behatokiko zuzendaria. | Ikusi handiago | Argazki originala

Astelehenean, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak Udaltzaingoko bitarteko agenteen poltsa bat sortzeko (Oinarrizko Eskala eta C-1 Sailkapen Taldea) deialdia argitaratu eban, azkenaldian udaltzaingoen kidegoan aldi baterako beharrak beteteko arazoak egozalakoan.

Argitaratutako deialdian euskerearen gitxieneko ezagutzak egiaztatzea ez da nahitaezkoa izango, beste betebehar batzuk ez bezela (gidabaimena, gitxieneko altuerea, batxilergoko titulua...). Gogoratu behar da deialdi honen aurretik egindakoan, euskerea ezagutzea ziurtatzea derrigorrezkoa izan zala (B2 mailan), baina irailean Gasteizko Administrazinoagazko Auzien 2. epaitegiak baliobakotu egin eban nahitaezkotasun hori. Momentu haretan Behatokiak egindako balorazinoaren arabera, sententzia herritarren hizkuntza eskubideen kontrako eraso larria izan zan eta eskubide urraketak betikotzeko arriskuaz ohartarazo eban. Hain zuzen be, hori da orain jazo dana: Eusko Jaurlaritzeak epailearen erabagiari errekursoa jarri baeutson be, argitaratu barri dauen deialdi honetan udaltzainek euskerea gaitasuna egiaztatzeko betebeharra ezabatzea erabagi dau. Gainera, lan-postu honetako hautagaien zeregin guztietan herritarrakaz zein udaletako agintariakaz hartu-emonak izan beharko ditue eta beraz, agente guztiek euskeraz badakitela ziurtatu barik izateak, lan-poltsan herritarrakaz euskeraz berba egiteko kapaz ez diran hautagaiak izatea ekarriko dau. Horrek herritarren hizkuntza eskubideak eta zerbitzuaren kalidadea dudan jarri leike, baita segurtasunaren bermea kaltetu be.

Behatokiak ardurea agertu dau Eusko Jaurlaritza behin betikoak ez diran erabagiak apliketan hastea, orain bezela, erabagiak herritarren kaltetan joan daitekezanean, izan be, egun udal zein herritarrek dituen beharrei erantzun barik jarraitzea dakar eta aurreko deialdietan emondako eskubide urraketak errepetidutea ekarriko dau, Behatokiak behin eta barriro salatu dituanak: Udalek euskeraz badakiten agenteak eskatu arren, lan-poltsan euskeraz nahikoa ez dakiten agenteak baino ez geratzea, herritarrak telefonoz zein aurrez aurre euskeraz komunikau ezin izatea, euskeraz dakien agente batek atenditutea nahi bada itxaron beharko dauela esatea (herritarraren hizkuntza hautua baldintzatzea), segurtasunari jagokozan euskerazko idatzi eta jarraibideak ulertezinak izatea.

Bestalde, Behatokiaren eretxiz, zerbitzu egoki bat emoteko ez da nahikoa agente gitxi batzuk baino ez jakitea euskeraz, izan be, agenteek euskerazko zerbitzu egokia bermatzeko gaitasunik ez izateak zerbitzu osoa baldintzatu leike. Herritarren segurtasunaz gabiz, EAEko edozein udaletan euskerazko zerbitzua eskaintzeko kapaz izan behar dira hautagaiak hiztun kopuruari erreparau barik. Lan-poltsen deialdiez gan, plazak ataraterakoan be derrigortasun data iraungi barik daben lanpostuak ataraten jarraitzen dela. Ondorioz, oraindik orain EAEko hainbat udaletan udaltzain plazak banatzen dira gitxieneko euskera gaitasunaegiaztatu barik, administrazinoak bermatu beharko leukezan herritarren eskubideen kaltetan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu