Uribe Butroeko seikoteak irabazi dau azken kanporaketea
2022-11-16 13:19 BertsolaritzeaBBK Sariketako finalaurrekoetan izango da, Durangaldea, Uribe Kosta eta Lea-Artibaigaz batera.
Mungiako Torrebillela aretoan jokatu da Bertsolari Gazteen XXX. BBK Sariketako laugarren eta azken kanporaketea, herriko ikastetxeetako ikasleak publikoan dirala. Etxeko taldeak, Uribe Butroek, irabazi dau, Enkarterri/Ezkerraldea seikoteak baino puntu gehiago batu ditualako.
Saioko aurkezlea Jone Larrinaga izan da eta epaimahaian egon dira Beñat Romero, Jon Martinez eta Miriam Juaristi; idazkaria, Ander Elortegi. Hona talde bietako bertsolariak:
Uribe Butroe: Amaia Gallastegi, Naroa Iturrioz eta Joane Bilbao (18 urtera arte) eta Joseba Ortuzar, Eneko Elorduy eta Jokin Arriola (25 urtera arte).
Enkarterri/Ezkerraldea: Nahia Ruiz De Arbulo, Enara Gallastegi eta Naia Martin (18 urtera arte) eta Ixone Asategi, Aner Zuluaga eta Naia Martin (25era artekoak).
Finalaurrekoak prest
Kanporaketen fasea amaituta, lau talde irabazleek aurrera egin dabe eta finalaurrekoak jokatuko ditue. Beste laurek amaitu dabe euren ibilbidea aurtengo BBK Sariketan. Saio bi jokatuko ditue finalaurrekoetan, eta bakotxeko irabazleak pasauko dira abenduaren 1eko finalera.
Lehenengo finalaurrekoa zemendiaren 21ean izango da, Zornotzako Zelaieta Zentroan. Lea-Artibai eta Uribe Kostako seikoteak entzungo doguz nor baino nor. Bigarrena hilaren 23an jokatuko dabe Durangaldeko eta Uribe Butroeko bertsolari gazteek, Barakaldoko Clara Campoamor Kultur Aretoan.
Finalaurreko saio biak 18:00etan hasiko dira. Bizkaiko Bertsozale Alkarteak azaldu dauenez, euskaltegietako ikasleak konbidauko ditue publikora. Finala be ordu berean izango da, abenduaren 1ean Bilboko BBK Salan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!