Fatmata Bintak Basque Culinary World Prize 2022 saria jasoko dau
2022-11-16 12:55 Jan edanakSierra Leonako chefak fulani kulturea eta sukaldaritzea zabaltzeagaitik irabazi dau.
Gaur arratsaldean, 18:30ean, Donostiako Miramar Jauregian izango da Basque Culinary World Prize 2022 saria Fatmata Binta chef afrikarrari emoteko ekitaldia. Binta fulani sukaldaritza nomada modernoaren erreferentzia da eta Afrikako tribu nomada handienaren sukaldaritza-kultureak dauen potentziala ezagutarazoteko eta jorratzeko egiten dabilen lana saritu nahi da.
Basque Culinary World Prize sari bakarra da eta mundu-mailakoa, Eusko Jaurlaritzeak (Euskadi-Basque Country) eta Basque Culinary Center-ek emoten dabe. Sariak askotariko arloetan nabarmentzen dau ekimen eraldatzaileak martxan dituen chefen lana.
Euskadiko agintarien eta elikadurearen sektoreko persona ospetsuen aurrean, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegiturako sailburu Arantxa Tapiak emongo deutso 100.000 euroko saria Fatmata Bintari. Saria emoteko ekitaldiaren aurretik, ondokoek be berba egingo dabe: Pedro Subijana, Basque Culinary Center- en Patronatuaren ordezkari lez; Trine Hahnemann, Basque Culinary World Prize saria emoteaz arduratzen dan epaimahaiaren ordezkari lez; eta Vicente Atxa, Basque Culinary Center-en Patronatuaren presidentea.
Binta chefa Sierra Leonakoa da eta ahal dauen guztia egiten dau Dine on a mat ekimenaren bidez eta Fulani Kitchen Foundation-en bitartez, fulaniek dituen ohiturak eta janariagaz lotutako moduak ezagutarazoteko. Ekimenaren formatuari esker, berba egiteko eta alkar ulertzeko, hezteko eta jardunbide jasangarriak erakusteko erabilten dau mahaia. Bestalde, fundazino bat sustatzen hasi da, fonioa eta beste osogai batzuk landa-komunidadeentzat diru-sarreren iturri izan daitezan. Fundazino horretan batez be emakumeakaz egiten dau lan.
Ekimen horren harira egiten dituen afarietako askoren bidez, dirua biltzen du, eta komunitate-proiektuetara
bideratzen. Bintaren arabera, proiektu hori Ghanako 12 komunitate eta 4 eskualdetako 300 familia baino
gehiagorentzat da onuragarria.
Horrezaz gan, Fulani Kitchen Foundation-en bidez, Bintak fulani eskualde guztietako emakume eta neskak hezi, trebatu eta ahaldundu nahi ditu. Hasteko, zentro bat eregiko dau, emakumeentzako gizarte, hezkuntza eta herri-beharrei erantzuteko; eta babesleku seguru bat be izango da, mueta askotako produktuak ontziratzeko.
Basque Culinary World Prize saria 2016an emon eben lehen aldiz, gastronomiak mundua zelan eraldatu leiken erakusten daben lekukotzak batzeko. Sariak bikaintasunerako bokazinoa daben gizon eta emakume ekintzaileen lana nabarmentzen dau; barritzaileak eta sortzaileak dira, saiatuak, baina, batez be, gizarteagaz konprometiduta dagoz.
Ordutik, sariak 42 herrialdetako 1.000 hautagaitza baino gehiago jaso ditu eta 700 bat chef izentau izan ditu. Sarirako hautagai izateko, chefak egun gastronomiaren munduan lanean dablen beste profesional batek izentau behar ditu.
Fatmata Bintarena ez eze, epaimahaiak beste chef biren lana be saritu eta aitamen bereziak emon deutsee Douglas McMasterri (Erresuma Batua) eta Edson Leiteri (Brasil). Lehenak, sormena erabiliz, zerowaste sustatu dau Zero Waste Cooking School eta antzeko beste ekimen batzuen bidez. Bigarrenak sukaldaritzan trebatzeko eta laguntzeko programak diseinau ditu lan-aukeren bila dabizan gazteentzat, 2012an sortu eban Gastronomiako Eskola
Periferikoaren bidez.
Informazino gehiago hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!