Mikel Laboaren inguruko komikia plazan
2022-11-16 10:14 KultureaUnai Iturriaga, Harkaitz Cano eta Joseba Larratxe dira egileak.
Ez da erraza Mikel Laboaren izakerea, sorkuntzea eta sinbolismoa argitalpen batean batzea, ertz askodun gizona izan zalako eta interpretazino ugaridun obrea itxi ebalako. Horixe izan da Ni ez naiz Mikel Laboa (Elkar) komikiaren egileek izan daben erronka nagusia, Laboa atrapau ezinda ibili dirala autortu dabe, baina pozarren egindako lana izan dala be badinoe.
Goi mailako hiru artistak hartu dabe Laboaren bizitzea eta sorkuntzea komiki formatura eroateko ardurea: Unai Iturriagak eta Harkaitz Canok istorioa pentsau eta gidoia idatzi dabe; marrazkiak Joseba Larratxek egin ditu.
Laboaren izakereagaz bat eginda, askatasunez eta umorez betea dator liburua, Iturriagak eta Canok azaldu dabenez. Larratxe ezin izan da Donostian egindako aurkezpenean egon. Laboaren obrea edegia dala nabarmendu dau Canok eta horregaitik bihurtu dala hainbeste jenteren gogokoa eta inspirazinorako iturri amaiezina.
Horren adibide bat be ipini dau Canok: Txoria txori kantua bardin entzun geinke ezkontza batean zein hileta batean, eta bietarako da aproposa. Tradizinoko elementuak hartzen abila zan Laboa, baita transgresinoa lantzen be. Arriskuak hartu zituala dinoe komikiaren egileek.
Elkar argitaletxearen esanetan, sasoi baten, geografia baten eta jentarte baten espilu da Mikel Laboa. Egileek ganeratu dabe Laboaren sorkuntza ezagunak, gogoko zituan poemak zein orduko sasoiko egoerea agiri dirala komikian, baina protagonistearen alderdi intimoek be leku zabala dabela: eguneroko bizimodua, umore oneko nortasuna, ibili zan lekuak, inspirazinorako erabilten zituan elementuak...
Igeskorra eta besarkaezina dala jakinik, behinik behin Mikel Laboaren arrasto bat ekarten ahalegindu dira Iturriaga, Cano eta Larratxe. Argitalpenak EHUko Mikel Laboa Katedrearen eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesa dau.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!