Kalamendi: Altuerea alboratu eta herri txikiei zein kresalari merezimendua emon

Amaia Larruzea 2022-11-15 13:27   Ibilian-ibilian

Ordubete baino gitxiago beharko dogu igoteko, Berriatuatik.

Edonorentzat aproposa dan ibilbidea da; bakarrik, familian, lagun artean edota txikienakaz egiteko. Danetarik ekarri nahi deutsuet Bizkaie!-ko Ibilian-ibilian tarte honetara, beraz, zailtasun handiagoko ibilbideak dakartzuedazan era berean, errazagoak edota erosoagoak diranak be ekarri nahi deutsuedaz. Hona hemen, beraz, danontzako moduko ibilbidea, garaiera alde batera itxita eta herri txikien enkantuari zein kostaldeko kresalari merezimendua lagaz.

Lekeitio (Lekitto), Berriatua (Berritxu), Ondarroa (Ondarru), honeen arteko oasi txikia, zein eta Kalamendi. Pinu eta eukalipto artean, lehengo haretxak gogoan eta horreetako batzuk oraindino be bertan. Lurrazalez oso zabala dan Berriatua txikia da biztanlerian baina oso ederra lurrazalean. Lekeitio eta Ondarroa arteko kostaldeko bideko zati handi bat be Berriatua da berez, eta beraz, hainbat eta hainbat txoko ditu gordeak bere horretan.

Asko estimatzen dodan herria da, berezia, herrikoia eta lagunkoia. Ingurukoentzat horren ezaguna eta maitatua dan Urepel iturrira joko dogu geure ibilbideari hasierea emoteko, Arriola jatetxearen aurrean. Bertan aparkaleku ederra dago, debaldekoa, eta lekua egon ohi da ia beti. Geure autoa itxi edo bertara heldu nahi dozuen eran, eta handik bidean aurrera eginez ekingo deutsagu Kalamendiko geure bideari. Ordubete baino gitxiago beharko dogu bertara igoteko; zeuek erabagi  oinezean, lasterka edo txikienakaz zein asko ez dabizanakaz astiro-astiro hartuta. Ez dago prisarik, norberak erabagi deiala zelan eta nogaz egin, eta bakarrik eginda be gozatu ederra.

Ez da oso mendi ezaguna, altua ez danez ez jakolako merezimendua emoten, eta gora heldu arte ezin dalako ikuspegi zabalaz gozau. Baina polita da bidea, bestelakoa, eta Berriatua, Markina, Etxebarri eta inguruko lurrazal, zelai eta baserriez gozetako aukerea izango dogu. Behin tontorrera helduta, Lekeitio eta Ondarroako kostalde, itsaso, txalupa, itsasontzi eta kresalaz disfrutetako modua izango dogu panoramika gozagarri honetatik. Jaisterakoan, igondako lekutik beharrean, beste aldetik egin geinke, bideak argiak dira eta eskumako aldetik beherantz doala ikusiko dogu, hemendik bidegorriko azken tarteagaz bat egingo dogu behean. Berriatuara futbol zelai atzetik bueltauko gara.

Amaitzean, Berriatuan dagozan hiru tabernetan edo Arriola jatetxean zeozer hartzeko eta jateko aukerea izango dogu. Azken honetan, tortilla pintxoa momentuan egiten deutsue beren-beregi eta oso prezio onean. Urepel iturrian botilaren bat edo beste be bete geinke, baita Ondarroara bidegorritik oinezean joan be. Aukerarik ez da falta Berriatua bueltan! ;)

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu