Chemical Brothers eta The Blaze, 2023ko Bilbao BBK Live-ko kartelean

Bizkaie! 2022-11-15 12:36   Musikea

Florence + The Machine be etorriko dira Kobetamendira.

Vicente Paredesen argazkian oinarritutako kartela | Ikusi handiago | Argazki originala

Oraintsu jakin dogu Arctic Monkeys izango dala 2023ko Bilbao BBK Live jaialdiko kartelburuetako bat eta gaur egitarauko beste 24 talderen barri emon dau Bilboko Udalak. Ezagunenak, The Chemical Brothers, The Blaze eta Florence + The Machine dira, hirurak be kartelean letra lodiz agertzeko modukoak.

Bigarren aldia izango dau Florence + The Machinek BBK Liven, orain dala lau urte be Kobetamendiko oholtzara igon eben britainiarrek. Dance Fever disko barria eta beti-betiko hit-ak buztartuko ditue 2023ko kontzertuan.

The Blaze eta The Chemical Brothers be lehenago egonda dagoz Bilboko jaialdian. BBK Liveren bultzatzaileek dinoenez, emonaldiak ahaztezinak izan ziran; horregaitik, ezinbestekoa da hareen arrakasta elektronikoak barriro be sentidutea Kobetamendiren bihotzean.

Kartela horniduteko, estilo eta jatorri ugaritako taldeak bilatu ditu BBK Livek. Esate baterako, Kobetamendin izango dira Britainia Handiko The Lathums, Estadu Batuetako 070 Shake eta Afrikako Tinariwen, tuareg herriaren ordezkaria. Love of Lesbian, Albany, Rojuu, Delaporte, Playback Maracas, Baiuca, Arde Bogotá eta Colectivo Da Silva dira Espainiatik datozan taldeak.

Euskal Herriko musikariak be ez dira falta iragarritako taldeen artean. Esate baterako, Merina Gris eta Bengo entzun ahal izango doguz, gaur egungo jokera barrienen erakusgarri. Ben Yart nafarra be etorriko da jaialdira.

Era berean, musika elektronikoak be leku zabala hartu dau azkenaldion Bilbao BBK Liven, estilo horrentzako gune berezitu eta guzti. 2023an geurean izango dira Young Marco, Job Jobse, Ben Ufo, Dinamarca, Call Super, Violet eta beste asko.

Garagarrilaren 6tik 8ra egingo dabe 2023ko Bilbao BBK Live eta dagoeneko salgai dagoz hiru egunetarako abonuak.

Vicente Paredes argazkilariaren Supereuskadi obran agiri dira Ousmane Dramé eta Garazi Arruti harrijasotzaileei egindako erretratuak. Horreetako bat erabili dau jaialdiak egitarauaren barri emoteko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu