‘Hitzak Lege’ erakusketea Nafarroako Parlamentuan

Bizkaie! 2022-11-15 10:39   Kulturea

Aparteko inportantzia historikoa izan daben euskerazko testu juridikoak erakutsiko dira bertan.



Euskal hiztunek hartu-emon juridikoetan euskerea erabili dabela eta erabilten dabela erakustea da erakusketearen helburu nagusia. Euskerearen lurraldeetan euskerea eremu juridikoetan erabili izan dala argi dago eta horren erakugarri dira erakusketa honetara barrubatutako dokumentuak. Euskal Autonomia Erkidegoko ganbera legegileetan (Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako batzar nagusiak), Eusko Legebiltzarrean, Nafarroako Parlamentuan eta Akitania Barrian gordeten diran euskerazko testu juridiko adierazgarrienak modu erakargarri, ulergarri eta interaktiboan lurraldez lurralde erakustea da erakusketa honen helburua. Ibiltariak diran edukiez gan, Nafarroan bertan produzidutako beste 25 bat idatzizko dokumentu erakutsiko dira, bai eta Foru Parlamentari zein Nafarroako buruen audioak be. Hona hemen ikusgai izango diran adibide batzuk:

 Leireko kartularioa (1059), Aiesako toponimoak agiri dira latinezko testu batean.

 Aralarko pergaminoa (1167).

 Nafarroako Foru Orokorra (1240).

 Murillo el Frutoko petxak (1400), toponimoak euskeraz agiri dira.

 Pirinioetako larren gaineko negoziazinoak (1616).

 Berako olagizonak, Juan Bautista Iturriak, Juantxo Bereauri prozesu judizialean bialdurako gutunak (1674 eta 1676).

 Euskerearen aldeko saila sortzeko erabagia (Foru Diputazinoaren erabagia, 1956-11-28). Horrezaz gan, 25 panel fisiko jarriko dira dokumentuen informazinoagaz, hiru ataletan banatuta: Aldeen arteko hartureman juridikoak, eragin kolektiboko testu juridikoak, eta testu parajuridikoak.

Euskaltzaindiak Eusko Legebiltzarrarekin, Nafarroako Parlamentuarekin eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako batzar nagusiekin elkarlanean ondutako erakusketa da hau, Euskaltzaindiaren Oinarrizko Hiztegi Juridiko-parlamentarioa ere elkarlanean gertatu baitzuten. 2017an aurkeztu zen jendaurrean eta
Euskaltzaindiaren webgunean kontsulta daiteke (www.euskaltzaindia.eus), Hizkuntza Baliabideak atalean -Hiztegi digitalizatuak azpiatalean-.

Gotzon Lobera (Hitzak Lege-ren koordinatzailea): Euskal hiztunek hartu-emon juridikoetan euskerea erabili dabela eta erabilten dabela azaltzen dau argi erakusketa honek.

Hitzak Lege erakusketa ibiltaria Nafarroako Parlamentuan ikusi daiteke, gaurtik hasi eta 2023ko urtarrilaren 15era arte. Eusko Legebiltzarrean bost hiletan ikusi ondoren, Nafarroako Parlamentura etorri da eta honako ordutegian bisitau ahal izango da: Astelehen, martitzen, eguazten eta barikuetan, 9:00etatik 20:00etara eta zapatuetan 11:30etik 14:00ak arte.

Erakusketa honetako testu bitxi batzuk:

 1452ko Bizkaiko Foru Zaharrean dagoan testu ezaguna (Urde Urdaondo e(ta) açia etondo). Esaldi horrek erakusten dau zelan jokatu behar zan oinordetzetan eta dohaintzetan.

 Etxepare, Axular eta Oihenart-en testuak: XVI. eta XVII. mendeetako zenbait idazlek zuzenbidearen lorratza erakusten dabe.

 1552. Diego Zufiaren eta Maria Migelen ezkon-berbea: Testu elebiduna da. 1552. urtean Diego Zufiak eta Maria Migelek alkarri emon eutsen berbea ezkontzeko, eskribau baten aurrean. Ezkongaiak euskaldun elebakarrak ziran, eskribaua, barriz, gaztelaniadun elebakarra (hori dela eta, lekuko elebidun baten laguntzea eskatu eban eskribauak).

 1789. Arrangura-kaierak. Arrangura-kaierak Antxinako Erregimenetik datoz. Horreetan, estaduek—eleizak, nobleziak, hirugarren estatuak— eskaerak bideratzen deutseez erregeari. 1789ko apirilaren 23ko kaier edo kuaderno hau Lapurdiko euskaldun frantsesena, hareen diputaduena eta Nazinoko Estadu Orokorrena da. Frantsesez eta euskeraz emona dago.

 1790. Frantziako Iraultzea eta Lapurdiko komunidadearen adierazpena. Agiri horretan, Lapurdiko Batzordeak bere burua defendiduten dau Makaiako bizkonde gazteak egotzitako salaketen ostean.

 1820. Bizenta Antonia Mogel, lehen euskal emakume itzultzailea. Bizenta Antonia Mogel aitzindaria izan zan euskal literaturan: Berba lauz eta berba neurtuz idatzi eban, bai eta itzulpenak egin be.

Adibidez, Luis de Borbón kardinal eta Toledoko artzapezpikuaren 1820ko martiaren 15eko gutun pastorala itzuli eban. Bizkaieraz egin eban itzulpena eta Bilbon inprimidu zan.

 1833-1877. Bizkaiko Batzar Nagusien aktak, XIX. mendean korrejidorearen azalpenak eta bilkuren
aktak ele bitan agertu baitzituen.

 1839. Bergarako ituna. Itun hori gaztelaniaz eta euskeraz idatzi eben.

 1936ko Autonomia Estatutua eta Jose Antonio Agirreren zina.

 1950. Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibersala, 1948.

 Gernikako 1979ko Autonomia Estatutua eta Nafarroako 1982ko Foru Hobetzearen Legea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu