Florencia Oz eta Isidora O'Ryan biki txiletarren flamenko barria Guggenheimen
2022-11-14 09:48 KultureaDantzaldiari esker lehenengo aldiz parte hatuko dabe Euskadin.
Bilboko XXIII. Nazinoarteko Dantza Jaialdiak Antípodas programau dau zemendiaren 19an, Oz generoaren egungo errebelazino handienetakoa. Kritika espezializatuak ikuskizun bikaina dala zehaztu dau flamenko minimalistearen proposamen ezohiko hori. Bertan, ohiko flamenko-soinekoen ordez kraft papelezko gonak eta gitarrearen ordez biolontxelo bat erabili ditue.
Abenduaren 1ean, 2022ko Dantzaldia XXXplicit dance jantza-saioagaz amaituko da La Fundición aretoan, sarrerea librea, baina 18 urtetik beherakoentzat galarazota dago ikuskizuna.
Florencia Oz eta Isidora O'Ryan (Antípodas)
Dantzaldia 2022, Bilboko XXIII. Nazinoarteko Dantza Jaialdiak Florencia Oz eta Isidora O 'Ryan biki txiletarrak ekarriko ditu lehen aldiz Euskadira, gaur egun flamenko barrian boladan dagozan artistetako batzuk. Euren ikuskizunik barriena, Antipodas, zemendiaren 19an, zapatuan, ikusi ahal izango da Guggenheim Bilbao Auditorioan, urtero Bizkaiko hainbat agertokitan egiten dan jantza garaikideko jaialdi honen egoitzetako bat izango baita barriro be. Sarrerak, 10 euroan salduko dira (8 € Museoaren Adiskideentzat), webgunean eta pinakotekako txarteldegian dagoz eskuragarri.
Florencia Oz Florencia O'Ryan Zúñiga izenagaz jaio zan 1987an Txileko Santiagon eta Txileko Unibersidadeko Jantza Fakultadean ikasi eban. Nerabezarotik flamenkoaren zale amorratua, 20 urte zituala Sevillan jarri zan biziten, bekadun, ikasten jarraitzeko. Ibilbide profesionala Andaluziako Ballet Flamenkoan jantzan eginez hasi eban, edota Marina Heredia, Eva Yerbabuena edo David Coria jantzarientzat jantzan eginez, besteak beste. Haren ahitpa bikia, Isidora O'Ryan biolontxelo-jotzailea, Txileko Unibersidadean izentapen gorenagaz titulatua da eta Hego Amerika osoko agertokietan ibili da hainbat orkestra eta taldegaz. Gainera, Los Tristes indie-pop elektronikoko taldean eta Xatarra inprobisazino eta produkzino taldean dabil eta, I.O. izenagaz, bakarkako musika-proiektu abangoardistea jorratzen dau.
Antípodas
Oz-ek flamenkoaren sari handienetako batzuk lortu ditu bere ikuskizun ausart propioak sortzen hasi zanetik eta horreetako batzuetan ahizta bikiak be parte hartzen dua. 2019an, Flamenko Artearen Sari Nazionala jaso eban. Hiru urtean behin generoaren erreferentzia dan lehiaketeak eskaintzen dau saria, Kordobako Flamenko Artearen Lehiaketa Nazionalak (Estaduan jaio ez dan eta sari hori irabazi dauen bigarrena da, 1995ean sari hori eskuratu eban Atsuko Kamata japoniarraren ondoren). 2021ean, orain Bilbora helduko dan Antípodas lanaren estreinaldiak Jerezko Jaialdiko Artista Errebelazino Sari ospetsua emon eutson eta kritika zoragarriak jaso zituan: Muntaia bikaina eta ahizta bien eszena-jarduera aparta nabarmenduta. Antípodas flamenko garaikide minimalistea da eta puntu surrealistea dau: Ohiko flamenko-soinekoen ordez kraft papelezko gonak erabilten ditue eta biolontxeloak hartzen dau gitarreak izaten dauen protagonismoa. Bikotxaren eta bikoizketearen gai klasikoa aztertzen dau, alkarregaz jaio ondoren, bizi-ibilbideak bereizita baina maitasuna eta alkarregazko miresmenari eutsiz. Joan dan irailean Sevillako Flamenko Biurtekotik igaro ondoren helduko da muntaia Euskadira.
XXXplicit dance
Dantzaldia 2022 joan den irailean inaugurau eben, Ana Moralesek Bilbora egindako bisiteagaz. Egun batzuk geroago, 2022ko Dantza Sari Nazionala emon eutsen. Jaialdia oraindino amaitu ez dan arren, atontzaileek oso positibotzat jo dabe edizino hau, dagoeneko lortu diran bertaratze-kopuru onakaitik, Bilboko Arte Eder Museoan aurkeztutako piezetan eta Azkuna Zentroan programautako egun bietan erabat beteta geratu baitziran aretoak. Jaialdiari abenduaren 1ean emongo jako amaierea edizio honetako proposamen disruptibo eta probokatzaileenagaz: Sexu esplizituko momentuek dituen jantza erotikoko X film laburren aukeraketa bat. Sarrera librea izango dau, baina 18 urtetik gorakoentzat baino ez. La Fundición aretoan (Dantzaldiaren programatzailea) izango da proiekzinoa, XXXplicit dance izenburupean.
Epaimahaia
Loránd János (Choreoscope, Barcelona Dance Film Festival) izan da komisarioa, Andreas Hannesegaz (Amsterdamgo Cinedans FEST) alkarlanean. János Bilbon izango da saioa aurkezteko. Saio horregaz, jantzearen bidez beste istorio mueta batzuk kontetako gorputzearen erabilerea aztertu nahi izan dabe, hain zuzen be, istorio erotikoak eta sexualak kontetako, besteak beste, Jennifer Lyon Bell estadubatuarraren edo Antonio Da Silva gay pornoaren zuzendariaren piezak ikusiko dira.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!