Helduen euskalduntzeak neurri estrategikoak behar ditu

Bizkaie! 2022-11-14 07:45   Euskerea berbagai

Euskal Herri osoa hartuko dauen egitura egonkor eta iraunkor bakarraren preminea dago.

Egunotan Gasteizen atondutako Jauzirako Prest! II. jardunaldietan aurkeztu dabe Euskalgintzearen Kontseiluko helduen euskalduntzearen sektorea osotzen daben alkarteetako ordezkariek Euskerea ezagutzeko beharra helduen artean sustatzeko proposamena dalako dokumentua.

Sektorearen estrategikotasuna

Hainbatek pentsau izan dabe belaunaldi barriak euskeraz eskolatzeak berez euskaldunduko ebala herria baina, zoritxarrez, hori ez da nahikoa, hau da, beharrezkoa da belaunaldi barriei euskerea ezagutzea bermatuko deutsen euskerea ikas eta irakas-hizkuntzea dauen hezkuntza-eredu orokortua martxan jartea. Horregaz batera, helduen euskalduntzeak be ardatz izan behar dau herria euskalduntzeko prozesuan. Beraz, bultzatu, indartu eta orokortu behar dan jardunbidea da helduen euskalduntzea. Horretarako, Kontseiluko ordezkariak zehaztu dauen lez, euskerea ikasteko eta alfabetetako bidea erraztu egin behar jake herritar guztiei. Proposamenak zutabe bi ditu: Euskalduntze prozesu osoa doban izan behar da eta horretarako, ikasleek dirurik aurreratu behar ez izatea, doban ikasten segidu ahal izateko gitxienez % 75eko bertaratzea izatea eta ikasmailarik ezinbestean gainditu behar ez izatea. Instituzinoek herri ekimeneko euskaltegiek emoten daben zerbitzu publikoa osorik finantziau beharko dabe bost urteren buruan. Bestalde, helduei euskerea ikasi beharra be sortu behar jake, motibazio prakmatikoa zein afektiboa bultzatuz, bai eta bitarteko egokiak eskura jarriz be. Helduen euskalduntze masiboak ekarriko dau herritar guztiek euskeraz jakitea eta erabilerea nabarmen indartzea.

Parametro horreetan kokatu dabe, beraz, proposamena. 2017an eta 2018an be berezko hizkuntzea ikasteak ezelako kosturik ezin leikela eragin aldarrikatu genduen eta hori ahalbidetzeko hartu beharreko neurri nagusiak zehaztu genduzan helduen euskalduntzean gagizon eragile ugarik: AEK, IKA, Maizpide, Hitzez, Urrats, Ilazki, Legazpi 6, Mikelats, Udaberria, Gabriel Aresti, Juan Mateo Zabala, Bilbo Zaharra, Bai and By, Gotzon Garitaonandia, Labayru eta Hegoalde euskaltegiak.

Esparru askotan hartu beharreko neurriak

Doakotasunaz gain, proposamenean zehaztu bezela, beharrezkoa da helduek euskerea ezagutzeko beharra sentidutea, bai motibazino pragmatikoaren bidez, bai eta motibazino afektiboaren bidez be. Horreei begira, eremu askotan hainbat neurri jasoten dira: Administrazinoan, langileek jaghokezan funtzioak beteteko euskeraz egiteko gaitasun egokia izatea eta administrazinoen zerbitzuak kudeatzen dituen erakundeek hizkuntza-erispideak bermatzea. Hezkuntza ez-formalean, euskera-gaitasuna baldintza izatea eremu ez formalean jardun ahal izateko. Eremu sozioekonomikoan, langile guztiei lanorduetan euskerea ikasteko eskubidea autortu eta bermatzea.

Proposamenaren edukia Batuz Aldatu hizkuntza-politiketan eragiteko askotariko ehundik gora eragilek jorratutako dokumentua izan dabe oinarri, izan be, euskerea ezagutzearen unibersalizazinoaren zutabeetako bat danez, ahalegina egin beharko da euskeraren ezagutzaren preminea gizarteratzeko. Hori, jakina, beste eremuetako neurriek baldintzatuko dabe, esaeterako, administrazinoko hizkuntza-eskakizunek, lan-munduan euskerea ezagutzeak izango dauen balio berezituak… Garrantzitsua izango da hizkuntzearen prestigioan eragitea eta, horregaz batera, ezagutu ez eze, ezagutza hori egunerokoan praktiketako politika egokien inplementazinoa be bai, hau da, erabilera erosorako neurriak ezartzea. Hori guztia lortzeko, proposamenaren arabera, helduen euskalduntzearen sektoreak Euskal Herri osoan eragina izango dauen marko juridiko-finantzieroa beharko dau, sektorearen egituraketea zehazteko.

Helduen Euskalduntzerako Agentzia

Gaur egun ez dago Euskal Herri osoko helduak euskalduntzeko eta alfabetetqko koordinautako jardunik administrazinoan eta herri ekimenaren artean eta lehenago be ez da inoiz holakorik izan. Gainera, gure herria banatua dagoan hiru eremu administratiboetan jazo daitekezan aldian aldiko gorabehera politikoek nabarmen baldintzatzen dabe euskalduntzearen prozesua eta, zer esanik ez, helduen euskalduntzea eta alfabetetea, Kontseiluko sektorearen ustez, Euskal Herri osoa hartuko dauen egitura egonkor eta iraunkor bakarraren preminea dago, helduak euskalduntzea eta alfabetetea estrategikotzat joko dauena, alor hori koordinauko dauena, euskal herritar heldu guztiek euskeraz jakitea helburu izan eta horretarako epeak ezarri eta behar besteko bitarteko izango dauena, aldian aldiko gorabehera politikoen menpean ibiliko ez dana eta euskalduntzeari, esangurarik zabalenean ulertuta, bultzada atzeraezina emongo deutsona.

Euskal Herri osoa hartuko dauen egitura egonkor eta iraunkor bakar bat sortzeko proposamena egin dabe instituzino publikoek eta euskalgintzeak osotutako agentzia bat, Europako Batasunaren lege esparruan kokatua, helduak euskalduntzeko eta alfabetetakoo jarduna koordinau eta oso-osorik finantziauko dauena, euskal herritar heldu guztiek euskeraz jakitea helburu izango dauena, euskerea Euskal Herri osoan bizitzearen alor guztietan nagusi izan daiten eta horretarako epeak finkatu eta bidea jarriko dituana.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu