Bost saltoki handik Euskaraldiagaz bat egin dabe

Bizkaie! 2022-11-11 12:53   Euskerea berbagai

Euskerearen normalizazinoan modu aktiboan eragiteko konpromisoa da.

Bilbon batu dira saltokien konpromisoaren barri emoteko (argazkia: Irekia) | Ikusi handiago | Argazki originala

Euskal Herrian erosle asko dituen bost merkataritza-entidadek bat egin dabe Euskaraldiagaz, euren saltokietan euskerea gehiago erabilteko pausuak emoten segidu nahi dabelako. El Corte Inglés, Carrefour, Uvesco-BM, Mercadona eta Eroski dira.

Konpromisoaren barri emoteko agerraldian, bost saltokiotako arduradunakaz batera agertu dira Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko Bingen Zupiria sailburua eta Miren Dobaran sailburuordea, Topaguneko lehendakari Kike Amonarriz eta Euskaraldiko koordinatzaile Goiatz Urkijo.

Bost entidadeok 2016tik dabiz Kultura eta Hizkuntza Politika Sailagaz lankidetzan euskerearen alorrean, eta 2022ko Euskaraldiagaz bat eginda, euskerearen normalizazinoan modu aktiboan eragiteko konpromisoa sendotu nahi dabe. Ganera, behargin, bezero eta bazkideei Euskaraldian parte hartzeko deia egin deutsee.

Topaguneko Kike Amonarrizek txalotu egin dau era guztietako enpresak egiten dabizan ahalegina, ariguneak sortu ditue askok Euskaraldirako. Ahobizi eta belarriprest diran herritarrakaz batera, ariguneak be ezinbestekoak dira euskeraz egiteko aukerak zabaltzeko. Funtzionamendua euskalduntzeko pausuak egingo dituela adierazoten dau eta herritarroi euskeraz berba egiteko babesguneak eskaintzen deuskuez, dino Amonarrizek.

Bingen Zupiriak ganeratu dau merkataritza-gune handiak jente askoren egunerokoaren parte dirala eta, beraz, funtsezkoak dirala euskerearen normalizazinoan. Saltokiek daben erantzunkizunaz be egin dau berba sailburuak: Konsumiduteko aukerak bertokoa dan hizkuntzan be eskaintzeak esan nahi dau konsumitzaileak hautatu dauen hizkuntzan erantzutea, zerbitzua emotea. Eta hori kalidadezko zerbitzua emotea da.

III. Euskaraldia zemendiaren 18tik abenduaren 2ra bitartean egingo da, Hitzez ekiteko garaia lemapean. Ariketa soziala hasteko astebeteren faltan, Kike Amonarrizek herritar guztiei eskatu deutse ahobizi edo belarriprest rola hartzeko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu