Imanol Larzabalen 40 kantu batu ditu Elkar Musikak

Bizkaie! 2022-11-11 09:09   Musikea

Imanol. Kantatzen du kantuz disko-liburua plazan.

Imanol Larzabal (1947-2004) euskal kantugintza garaikideko izen handienetako bat da. Donostiar abeslariak hogeitik gora disko grabau eta hamarnaka kantu bikain zabaldu zituan lau haizetara eta euskaldun askoren begikoak bihurtu dira. Imanol: Kantatzen du kantuz disko-liburuak Imanolen ondarearen antologia batu dau. Entzuteagaz batera ezagutzen ditugu Imanolen abestiak. Nortasun handiko ahots grabe parebakoa gogoan dogu. Poesia darie kantu guztiei, ahozko tradizinotik jasota zein sasoian sasoiko olerkari onenen lanetatik hartuta. Eta, batez be, hunkituko gara abesti asko gure barrua minberatzeko gauza diralako.

Ondare aberatsa laga eban donostiarrak eta ondare horretako ale esanguratsuenak agiri dira Imanol: Kantatzen du kantuz disko-liburuan. Anjel Valdes musika adituak hartu dau antologia hau osotzeko ardurea: Berrogei kantu aukeratu ditut Imanolen ibilbide osoa CD bitan islatzeko asmoz. Hasi 1960ko hamarkadako kantu politiko eta sozialakaz, kantutegi tradizionalari egin eutson ekarpena ahaztu barik eta olerki klasiko eta garaikidez egin zituan pieza gogoangarriak.

Mendian gora, Ilun-ikarak, Mayo, Maitiak galdegin zautan, Ausencia, Nire euskaltasuna... Larzabalen kantu ezagunenen grabazinorik onenek bere uniberso poetiko zabalean sartzen gaitue, izan be, horreetan donostiarrak alboan ditu ohiko musikari handiak (Karlos Gimenez, Txema Garcés...) zein lantzean behingo kolaboratzaileak (Paco Ibañez, Amaia Zubiria...).

Liburuan, barriz, Elixabete Garmendia, Karlos Gimenez, Felipe Juaristi eta Anjel Valdes beraren testuek bikain kokatzen dabe Imanol eta bere lana garaiko ingurumari kulturalean eta politikoan. Hor topauko ditugu Imanolen musika ibilbidearen gakoak eta XX. mendearen azken lau hamarkadetako indarkerik bere bizitzea zelan markau eben.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Sailak eta Elkar Musikak plazaratu dabe Imanol Larzabalen omenezko  disko-liburua, 40 lanen antologia, Angel Valdesek egina eta Imanolen musika produkzinoaren alderdirik esanguratsuenak jasoten ditu. Elixabete Garmendiak, Karlos Gimenezek, Felipe Juaristik eta Angel Valdesek berak hartu dabe parte lanean.

Foru Aldundiaren Jauregian egin da disko-liburuaren aurkezpena eta bertan izan dira Harkaitz Millan Gipuzkoako Aldundiko Kultura diputadua, Felipe Juaristi idazlea, Angel Valdes produktorea, Karlos Gimenez musikaria eta Andres Camio Jitu Elkar Musikako arduraduna.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu