Unai Iturriaga: 'Agortuta egoan eta bazan momentua edizino barritua atarateko'
2022-11-14 07:55 BarriketanGidoigilea...
Nork ez dau ezagutzen Unai Iturriaga. Bertsolari, 13 urtegaz Jon Lopategigaz hasi eta aurrerago birritan izan da Bizkaiko txapeldun eta sei bider Txapelketa Nagusiko finaletan sartu da. Gaur egun plaza batzuetan ibili badabil baina handiei aspaldi esan eutsen agur.
Gaur egun komikigile eta gidoigile dabil, Olentzero eta subilaren lapurreta filmaren gidoia idatzi eban eta azken aldion, Udabarririk ankerrena komikiaren berrargitalpena plazaratu dau Alex Sanvi marrazkilariagaz batera.
1.- Zein da Udabarririk ankerrena komikiaren berrargitalpena atarateko arrazoia?
Agortuta egoan, 10-11 urte pasau dira lehenengo edizinoa plazaratu genduanetik eta bazan momentua edizino barritua atarateko. Agortuta egotea penea zan eta neu arduratu nintzan, berredizinoa behar zala begitandu jatan. 2011ko haretan, azalean personaiak lepoz agiri ziran mendian eta aurten plazaratutakoan, barriz, ikara arpegiz dagoz Durangon, hegazkinetatik bonbak botaten dabizela. Akatsak be zuzendu doguz eta komikiaren azken orrialdetako eranskinak be aldatu eta egokitu egin doguz. Oso pozik nago emoitzeagaz.
2.- Elkar eta Durango 1936 Kultur Alkartea eta Alex Sanvi marrazkilaria babesle onak dira. Zelakoak izan dira hartu-emonak?
Sanvigaz urteak daroadaz behar egiten; 2007an hasi ginan Xabiroi aldizkarirako gidoia izango zanaren harian beharrean eta aurten hirugarren liburua be atara dogu. Aurrerago Haur besoetakoa lanagaz be bagabiz, aurten etorri da zeozertxu eta oso pozik gabiz, Xanvi marrazten eta neu gidoilari lanetan. Izatezko bikotea da gurea [Barreka], tipo ona, jatorra eta oso ondo konpontzen eta buztartzen gara.
3.- Irakurleak kokatzeko, izenburuak be argi erakusten dau barrualdean dagoana baina Udaberririk ankerrena komikian zer gai jorratzen dozue?
Zeozelan esateko Durango 1936 Kultur Alkartearen enkargua edo izan zan, Durangaldeko memoria historikoa lantzen dabilen taldea da eta eskaria etorri zanean, neuk esan neban Udaberririk ankerrena komikiak 1937ko zoritxareko udabarria, bonbardaketea ekarrela, Francoren tropen garaipena. Sasoi horretan kokatutako gorabeherak dira oinarri baina fikzinoa da izatez.
4.- Gernikako bonbardaketea nabarmentzen da beti baina Durangon, Elorrion eta Otxandion be izan ziran barrabaskeriak...
Jakina. Niretzako oso presente dagoz istorio horreek. Gernikako jazoerek zeozelan gerizpetu egin eben Durangoko bonbardaketea. Otxandioko bonbardaketea be ez daigun ahaztu, jazoera baltz horreen artean lehenengoa izan zan 1937 garagarrilean, Santa Marinatan eta ondo dago jakitea noiz eta zergaitik jazo ziran. Durangokoan Francoren erasoa izan zan Iparraldeko Fontearen ekimenaren barruan. Gure historian izan ditugun arorik baltzenetakoak, duda barik.
5.- Komikiaren amaieran datu esanguratsuak sartu dozuez: 360tik gora izan ziran hildakoak Durangon, errefuxiatuak bi milatik gora...
Altxamendu fasiztea 1936ko garagarrilean izan bazan, Araba, Nafarroa eta Gipuzkoako zati bat hankaz gora baebizan, neguan etena egin eta frentea geratu zan, hasi Ondarroan, Eibar, Mutriku, Intxorta eta Urkiolan. Gipuzkoatik igesi etorren jentea Bizkairantz, Durango zan atzealdea eta hartzailea be izan zan, errefuxiatuak be hartu zituan.
6.- Udaberririk ankerrena komikian zelan josi dozuez pasadizo guztiak?
Mari eta Martin neba-arrebak dira protagonista eta euren aititagaz frankisten esku dagoan Gipuzkoatik bueltan datoz. Elgetan, argitu ezin dodan jazoera bat tarteko dala, aitita hil egiten da eta Durangora arteko gorabeherak jorratzen doguz Mariren ikuspegiari eutsiz.
7.- Makinatxu bat saltsatan zabiz eta bertsotan be ibilbide polita egin zenduan, 13 urtegaz Jon Lopategigaz hasi eta aurrerago Bizkaiko Txapelketa bi irabazi eta Txapelketa Nagusian sei bider sartu zinan finalean. Zelan gogoratzen dozuz momentu hareek?
Pozik nago egindakoaz. Bizimodua atarateko gauza asko egin behar dira eta bolada bakotxean norbera gustora ibili ezkero, besterik ez da behar. Gaur egun, gidoigintzan nabil gustora baina ez dodaz ahaztuten musikeagaz lotutako 7 Eskale eta Gu ta gurarrak.
Bertsolaritzeari jagokonez, plazerra izan da niretzako Bizkaiko txapel bi irabaztea eta Txapelketa Nagusian sei finaletan sartzea. Gaur egun be plaza batzuetan ibilten naz bertsotan baina Txapelketa Nagusiei eta aspaldi esan neutsen agur, norberak jakin behar dau noiz arte egon eta ni oso gazte hasi nintzan bertsotan, Txapelketara gogotsu, haginka egiteko gogoz joan behar zara eta hori norberak igarten dau, nik neuk argi ikusi neban deskantsua hartzeko momentua.
8.- 2022ko Bertsolari Txapelketa Nagusia aurrera doa eta finalerako txartela dauena kontuan hartuta, behin behineko sailkapenean, Alaia Martin (1), Joanes Illarregi (2) eta Sustrai Colina (3) dagoz. Orain artekoak entzunda zein da zure balorazinoa?
Gasteizeko saioan egon nintzan eta, oro har, txapelketea ondo doa, entzundakoak entzunda eta bertsolarien mailea ikusita. Oraindino lehia handia egongo dala pentsetan dot, gazteak politto dabiz, mailan gora egin dabe eta Iruñako finalean zortzi leku baino ez dagoz...
9.- Bizkaitarrak zelan ikusten dozuz?
Lehengoan Irunen Nerea Ibarzabalek saio ederra egin arren, Sustrai Colinak irabazi eban. Onintza be sartu da, baita Aitor Bizkarra be. Ez dau inork inoren lekua bete behar baina espero dot Nereak Irungo ez-puntuazinoa eta gorabeherak ahaztutea; nik neuk finalerako ikusten dot markina-xemeindarra.
10.- Txapelketea nork irabaziko dau?
Iruñan bat dago zain. Maialen Lujanbio eta haren gainetik ibiltea ez da erraza izango.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!