Beñat Lizaso bertsolariak plazetako jarduna itxi dau
2022-11-10 10:04 BertsolaritzeaGipuzkoako Txapelketako finalista izan zan 2019an.
Beñat Lizaso bertsolari azpeitiarrak agur esan deutso plazeari, Bertsolari aldizkariaren #Makarrizketak podcastean jakitera emon dauenez. Lehendik be txapelketak alboratuta zituan eta orain plazarik plazako saioetan be ez dauela kantauko erabagi dau. Ibilbide dotorea egin dau, txapelketan zein lagunarteko saioetan.
1982an jaioa, bertsolari ezagunen familiakoa da Beñat Lizaso Alberdi. Aitita Joxe Lizaso eban eta aita, Sebastian Lizaso, 1986an Euskal Herriko txapeldun izan zana. Hain zuzen be, abizen hori izateak dakarren pisua aitatu dau podcastean, plazak ixteko arrazoiak azaltzeko orduan.
Lizaso abizenak ate asko edegiten laguntzen dauela konturatu da Beñat urteotan, baina bere gaitasunagaitik baino, abizenagaitik deitzen izan deutsela be igarri dau: Jenteak Lizaso entzun nahi dau, eta ez Beñat, esan dau podcastean. Ganera, konparaketak ezinbestean sortzen dira.
Orain jokoan dagoan 2022ko Txapelketa Nagusian kantetako eskubidea eukan Beñat Lizasok, baina uko egin eutsan. 2013ko eta 2017ko edizinoetan bai, parte hartu eban. Bestetik, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan sarri kantau dau, eta 2019an finalera heldu zan.
Bertsozale Alkarteak Beñat Lizasoren ibilbidea eta biografia zehatz-mehatz dau jasota hemen.
Bere burua aldarrikatzeko aukerea emon eutsan Gipuzkoako finalak. Ez nabilela mundu honetan abizena dodalako, egiten dodalako baino, horretarako balio izan eutsan.
Bertsolaritzan alboan izan dituan lagun guztiei eskerrak emonda esan dau agur Beñat Lizasok, baina atea behin betiko zarratuko dauela ziurtatuta.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!