Sei kontzertu Zornotzako Musika Bandearen 2022-23 denporaldian

Bizkaie! 2022-11-10 08:57   Musikea

Musika atzo eta gaur izenburupean dator sasoi barria.

Aritz Labrador eta Luciano Martinez (argazkia: Amorebieta-Etxanoko Udala) | Ikusi handiago | Argazki originala

Atzoko eta gaurko doinuak publikoari ezagutarazotea izango da Zornotzako Musika Bandearen 2022-23 denporaldiko helburua. Horregaitik, sei kontzertuko egitaraua atondu dabe, zemenditik garagarrilera bitartean, Musika atzo eta gaur izenburupean. Zornotza Aretoan izango dira saioak.

Denporaldi barriaren nondik norakoak azaldu ditu Musika Bandako zuzendari Aritz Labradorrek. Denporan zeharreko bidaia izango dala aurreratu dau. Ganera, kontzertu gehienetan artista konbidaduak izango doguz, horreetako asko eta asko zornotzarrak.

Amorebieta-Etxanoko Udaleko Kultura zinegotzi Luciano Martinezek herrian bandea izatearen garrantzia azpimarratu dau, eta pixkanaka hazten doan proiektua dala dino: Programazioak erakusten dau dagoeneko talde sendoa dala eta horren adierazle da urte osoan musikearen eta kulturearen alde egiten dauen lan guztia.

Egitarauko sei kontzertuetatik bostetan, programea guztiz erabagita dago. Seigarrena, 2023ko garagarrilean Karmen eta Santanatxu jaien barruan emon beharrekoa, sorpresaz beterik egongo dala agindu dabe, baina ezin da gehiago aurreratu. Azken kontzertua, denporaldiari amaierea emongo deutsana, berezienetako bat izango da, dino Labradorrek.

Zemendiaren 12an, hau da, zapatu honetan bertan, gozau ahal izango dabe zornotzarrek bandearen lehenengo kontzertuaz (Zornotza Aretoa, 20:00). Zinemearen historiako pelikula ezagunen soinu-banden errepertorio zabala aurkeztuko dabe musikariek eta, ganera, publikoak joko interaktibo batean parte hartu ahal izango dau, eta sariak irabazi.

Hurrengo hitzordua Atzoko eta gaurko klasikoak izenekoa izango da, abenduaren 17an. 1980ko hamarkadatik gaur egunera bitarteko kantuak, publikoarentzat ezagun-ezagunak, joko ditue, Zornotzako artista konbidaduak oholtzan dirala: Eider Etxeandia, Jon Castañeda, Joanes Zeberio eta Ariane Cagno.

Hurrengo saioak 2023an izango dira: Pianoa atzo eta gaur (zezeilaren 25ean), Banda atzotik gaur arte (apirilaren 1ean), Atzoko aldapeko, gaur (bagilaren 10ean) eta jaietako kontzertua.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu