Uribe Kostako Mankomunidadeak eskualdeko kirol eragileak batu ditu

Bizkaie! 2022-11-10 08:44   Euskerea berbagai

Euskerea kirol espazioan normalizetea da asmoa.



Uribe Kostako Zerbitzu Mankomunidadeak eskualdeko hainbat kirol eragile Kirola eta Euskerea izeneko foroan batu ditu ditu, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskera, Kultura eta Kirol Sailak, Bizkaiko Kirol Federazinoen Alkarteagaz (ASFEDEBI), kirol federazinoakaz eta Eurosportegaz batera sustatzen dauen BIKEE (Bizkaian Kirola Be Euskeraz) proiektuaren aurkezpen publikoa egiteko. BIKEE, 2017an jaiotako proiektua da, euskerearen erabilera soziala kirol mundura zabaltzeko asmoz. Ordutik Bizkaiko 39 kirol-federazino proiektu honen parte dira. BIKEE programeak, Bizkaiko kirol-sistema federatu osoa hartzen dau, modalidade bakotxean euskerearen erabilerearen normalizazinoan aurrera egiteko.

Testuinguru honetan, Mankomunidadeak Uribe Kostako kirol eragileak Sopelako Kurtzio Kultur Etxean batu ditu BIKEE programea ezagutzera emoteko. Ekitaldian Josu Landaluze Uribe Kostako Mankomunidadeko buruak ondokoa adierazo dau: Mankomunidadeak 2021eko bagilean urrats kualitatibo garrantzitsu bati ekin eutson Uribe Kostan Euskeraz Blai estrategia martxan jarriz. Aurkezpen haretan, gutako bakotxak euskeraz busti eta euskerearen itsasoa indartzeko eta osotzeko erabagia hartu genduan. Uribe Kostan euskeraz biziteko aukerak indartzea eta sendotzea dira helburuak eta, bide horretan, eskualdeko eragile guztiei alkarlanerako deia egin geuntsen, tartean gaur hemen konbidatuak zarien guztioi.

Uribe Kostako Mankomunidadeko buruak adierazo dauenez, euskerearen komunidadea sortzeko ezinbestekoa da herritarren eta eragileen konplizidadea eta aldekotasuna izatea. Euskerearen normalizazinorako kirol munduko sektorea euskalduntzea be ezinbestekoa da: Kirol mundua euskaldunduz herritar askorengana heltzen gara eta eragin handiko esparrua da, edade tarte guztietako herritarrek egiten baitabe kirola modu batera edo bestera. Horregaitik guztiagaitik, Uribe Kostako Mankomunidadeak Bizkaiko Foru Aldundiak aurkeztutako BIKEE proiektuagaz bat egiten dau eta ahalegin guztiak egingo ditugu proiektu hori mankomunidadeko kirol alkarte eta klubetan txertatzeko.

Bestalde, Lorea Bilbao, Euskera, Kultura eta Kirol foru diputaduak kirolean euskerea sustatzeko beharra eta nahia dagoala adierazo dau: Kirol klubakana heltzeko helburuari eutsiz, proiektua Bizkaiko eskualde guztietan aurkeztu dogu, lehenengo maila politikoan, alkate eta zinegotziakaz eta gero, lan-mahaiak osotuz euskera eta kirol teknikariakaz eta klubetako ordezkariakaz. Bizkaiko 9 eskualdetatik 8tan aurkezpen politikoak egin ditugu eta horreetako 4 eskualdetan lan mahai teknikoak be egin dira eta 84 klub dagoeneko BIKEE programan sartu dira. Inguru soziolinguistiko bakotxaren berezitasunak kontuan hartuta kirolean euskerea sustatzeko beharra eta nahia dago. Dinamika zehatzen bidez, eskualde bakotxeko egoereari buruz hausnartu eta danon erronkak lantzen gabiz. Eta erronkak edo norabidea adostu ostean, hori lortzeko eragile bakotxak zein konpromiso eta ardura hartu leiken eta behar diran baliabideak aztertuko dogu, danon artean, alkarregaz. BIKEE programeak Bizkaian Kirola be Euskeraz izan daiten babes handia izango da, eragileei prozesuan laguntzinoa emongo deutsena.

Lorearen adierazpenen ondoren, Bizkaiko Foru Aldundiko ordezkarien eskutik BIKEE proiektuaren aurkezpen publikoa egin da. Horrezaz gan, Bizkaiko kirolari ezagunen eta erreferentzialen zuzeneko eretxiak eta testigantzak be jaso dira: Horreen artean egon dira Iraia Iturregi (Athleticeko emakumezkoen taldeko entrenatzailea), Pello Bilbao (Bahrain Victoriouseko txirrindularia), Danel Abando (boxeolaria), Nagore Osoro (arraunlaria) eta Andoni Aretxabaleta (Baikoko pelotari ohia). Kirola eta euskerea gaia ardatz hartuta mahai-inguru interesgarriaz gozetako aukerea izan da.

Amaitzeko, proiektuagaz bat egin nahi daben Uribe Kostako kirol taldeen adierazpena irakurri eta Euskaraldiaren aldeko talde argazki bategaz emon da amaitutzat ekitaldia.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu