Andrea Ganuzak egonaldi artistikoa egingo dau Anguleman, Quebecen eta Bilbon
2022-11-09 12:40 KultureaKomikigintzea lantzeko ekimena da.
Angulema, Quebec eta Bilbo alkarlanean dabiz azkenaldion komikigintzearen eta nobela grafikoen arloan, hiru urietako lotura kulturalak sendotu, artisten trukeak atondu eta sektoreari bultzadea emoteko. Oraingo honetan, egoitza kurutzatua dalakoa antolatu dabe, leku bakotxeko artista bana aukeratu eta hiru urietara joan daitezan, komikigintzearen inguruko hainbat jardueratan parte hartzera.
Bilboren kasuan, Andrea Ganuza nafarra da egonaldirako aukeratutako artistea, Udalak azaldu dauenez. Angulematik Clara Chotil joango da eta Quebecetik, Charlotte Gosselin. Bilboko Azkuna Zentroan, Angulemako Cité Internationale de la Bande Desinée et de l'Image-n eta Quebeceko La Maison de la Littérature-n egongo dira hirurak.
Uri bakotxean lan konpartiduko tailerretan hartuko dabe parte artistek. Bidaia eta ostatua pagetako, 4.500 euroko laguntzinoa izango dau bakotxak.
Egonaldion helburua da komikigintzearen alorrean sorkuntzea sustatzea eta hainbat herrialdetako sortzaileen arteko topaketak bultzatzea, nobela grafikoaren funtsezko ingurune profesionaletan eta beste diziplina artistiko batzuetako artistakaz bat eginez.
Andrea Ganuza
Narrazino grafikoan eta marrazketan oinarritutako praktika artistikoaren barruan, komikigintzearen mugakaz esperimentazinoan ibilten da Andrea Ganuza (Iruñea, 1988). Poesiaz betetako begi kritikoz, bere esperientziak gai sozial, politiko eta emozionalei buruzko informazinoa emoteko erabilten ditu.
Alor instituzional zein kontrakulturalean trebatua, diseinu grafikoagaz eta fanzineakaz lotutako jaialdietan sarri parte hartzen dau. Hainbat proiektu kolektibotan ibilita dago, esaterako, PUMPK autoedizinoko jaialdian (Iruñea) eta Nenazas kolektibo feministan. Ganera, Iruñeko La Milagrosa auzoko La Zurda kultur alkartearen sortzaileetako bat eta kide aktiboa da.
Epaimahaiak Ganuzaren obrearen askotarikotasuna eta trinkotasuna aintzat hartu ditu haren hautagaitzearen alde egiteko. Bere aurreko proiektuek ikerketa prozesu baten, egiten jakite baten eta komikigintzearen ingurunearen inguruko eztabaida emonkor baten lekukotzea emoten dabe. Munduari, kultureari eta gaur egungo gizartearen erronkei begiratzea be garrantzitsutzat jo dau epaimahaiak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!