Toundra taldeak bireari ekingo deutso

Bizkaie! 2022-11-09 10:46   Musikea

Sofa taldeagaz batera, Donostiako Dabadaban emongo dabe kontzertua, zemendiaren 10ean.

Toundra talde madrildarrak 2007an ekin eutson ibilbideari. Riff indartsuak, melodia ederrak eta atmosfera korapilatsuak buztartzen ditue, dana elektrizidadez betetako abestietan, taldearen zuzenekoaren sugarra azpimarratzen dabenak. Denpora tarte txikian hiru disko kaleratu zituen modu independentean, hainbat herrialdetan birea egin eta kontinenteko jaialdi garrantzitsuenetan parte hartu eben, besteak beste, Primavera Sound eta FIB; horrezaz gan, Century Media zigilu alemaniarra be erakarri eta kontratua sinatu eben 2014an. Euren laugarren diskoa, IV (2015), salmenta-zerrenda ofizialetan 2. postu historikora heldu zan eta eten bako birea etorri zan, 18 herrialdetan 150 kontzertu baino gehiago emonez. Diskoak Urteko Disko Onenaren postua lortu eban hainbat lurraldetan, baita Espainian be; Mondosonorok 2015eko Disko Onena aukeratu eban. 2018an, taldea komunikabideen erdigunera bueltau zan Vortex bosgarren diskoa kaleratu ondoren; era berean, Espainiako salmenta-zerrendetan be sartu zan #4 ikaragarri bategaz. Hasiera barria izan zan rock and roll talde instrumental sutsu honentzat.

2020an, Toundraren proiektu barria jarri eben martxan, Das Cabinet des Dr. Caligari, mendeurrena be ospatu eben film espresionista alemaniar klasikoaren soinu-bandea.

Hex, taldearen azken lan saritua, 2022ko urtarrilaren 14an kaleratu eben, binilo gehien saltzen diran zerrendan eta mundu mailako zerrendetan merezidutako lehen postua lortu eban.

Sofa

Eroso eta ezin kabidu, horixe da Sofaren egoteko modua, eten barik jantzan egitea, jarrera eperterre baten isla da gehiago, geldi egoteko modu bat.

Eñaut Gaztañaga (Grises, Ezpalak) izan da su motelean sortutako disko hau grabatzeko arduraduna, bere Gaztain estudioetan. Nahasketak egiteko garaian Tom Peters (Alpha Male Tea Party) Liverpooleko produktorearen Trapdoor estudiora joan dira ate joka, azkenik, Estanis Elorza izan da Doctor Master estudioan masterizatuz, lan honen azken pintzeladak marraztu dituana.

Diskoa argitaratzeaz Tolosako Bonberenea Ekintzak eta Bartzelonako Bcore sigilua arduratu dira.

And So I Watch You From Afar edo Don Caballero taldeen soinuak datoz gogora, baita Led Zeppelin lako klasikoena be. Euren indar eta freskotasunak Dut gogorarazoten deusku.

Hasieran hirukote instrumentala zan arren orain ahotsa erabili dabe kantuetan, nahiz eta oraindino aparteko garrantzia izan instrumentuek.

Hirugarren LP-a, euren lehen EP-a (‘I’ - 2015) eta LP-aren (‘II’ - 2017) ostean dator. Lanokaz hainbat kontzertu emon ditue Euskal Herrian, Espainian eta Frantzian.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu