Joxan Goikoetxeak ganbera formatuan estreinauko dau 'Hesia urraturik' oratorioa

Bizkaie! 2022-11-09 09:45   Musikea

Xabier Lete handiaren figura, pentsamendu eta obreari eskainia.

Ikuskizuna Arriaga Antzokiko foyerrean izango da datorren astelehenean, zemendiaren 14an, 19:30ean eta Joxan Goikoetxeak berak hartuko dau parte, Landarbaso Abesbatzak, Beñat Egiarte tenorrak eta Klara Mendizabal sopranoak lagunduta.

Arriaga Antzokiak eta Bilboko Udaleko Euskera Sailak bultzatutako Literaturea eta Musikea Euskeraz zikloak saio berezia atondu dabe, Joxan Goikoetxea musikariak sustatua eta Xabier Lete handiaren figurea gogoratzen dauena.

Arriaga Antzokian egin eban Xabier Lete poeteak bere azken agerraldi publikoetako bat; 2010ean izan zan, Egunsentiaren esku izoztuak liburua aurkezteko birearen amaierako ekitaldi legez, Joxan Goikoetxea bera lagun ebala. Orain, Leteren heriotzearen 10. urteurrena dala eta, Hesia urraturik estreinau eta argitaratu dau Goikoetxeak. Alegoria moduko oratorio sinfoniko-korala da, Leteren zenbait testu eta melodiaren hautaketa berezia.

Hamahiru zati ditu oratorioak, 65 bat minutu irauten dau eta honetara bultzatzen gaitu: haren kezkak eta zalantza existentzialistak hain sakon adierazoten asmau eban artista handi haren pentsakera eta imajinario filosofiko-estetikoa gogoratzea eta aztertzea (pasinoa, fedea, aberria, nostalgia, maitasuna, alkartasuna, berradiskidetzea, erredentzinoa, itxaropena...).

Ganbera-formatuan, «Literatura eta musika euskaraz» ziklora bueltauko da Goikoetxea, obrearen egokitzapen berezi hau eskaintzeko. Ziklo haren barruan egin zan, hain zuzen be, gorago aitatu Arriagako errezitaldi historiko ha. Ibilbide luzea eta bikaina dauen eta proiektu hau gauzatzeko oinarrizkoa izan dan Landarbaso Abesbatza —Iñaki Tolaretxipiren zuzendaritzapean— izango dau lagun Goikoetxeak. Beñat Egiarte tenor solisteak, Klara Mendizabal sopranoak eta Xabier de Felipe biolin-jotzaileak osotzen dabe bersino barria interpretauko dauen talde aparta.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu