Literaturea eta zinemea buztartuko ditu 70. Literaktum-ek

Bizkaie! 2022-11-09 09:48   Kulturea

Zemendiaren 14tik 27ra.

Aurtengo edizinoaren aurkezpena (argazkia: Donostia Kultura) | Ikusi handiago | Argazki originala

Izenetik bertatik hasita, literaturea da Donostiako Literaktum jaialdiaren oinarria, letren munduaren inguruko autore, aditu eta zaleak batzeko topalekua. Baina literatureak zineman dauen eragina, eta alderantziz, ukaezina da, adierazpide biak alkarren zordun dira. Horregaitik, 2022ko edizinoak zinemearen eta literaturearen arteko loturea jorratuko dau, Zinemaldiaren 70. edizino biribilaren atxakian.

Formatuaz harago, literaturea eta zinemea emozinoak eta sentimenduak transmitiduteko bitartekoa dira. Istorioek batetik bestera salto egiten dabe sarri. Hortaz, film bihurtutako nobelak izango dira egitarauaren ardatzetako bat.

Literaturearen eta zinemearen artean konparazinorik egiterik dagoan aztertuko dabe goi mailako idazle, gidoilari eta zuzendariek, zemendiaren 14tik 27ra bitarteko egitarau oparoaren barruan. Eduardo Mendoza, Lorenzo Silva, Jesús Carrasco eta Virginia Feito idazleen lanek pantaila handira egin dabe salto.

Abdellah Taia marokoarrak Salbazioko armada nobelea idazten eta horretan oinarritutako filma zuzentzen izan dauen esperientzia azalduko dau. Euskerazko idazleek be ez dabe hutsik egingo 2022ko Literaktumen. Miren Gorrotxategik eta Jon Arretxek euren testuak pelikula bihurtu izanaz egingo dabe berba.

Idazletzeaz eta zinemagintzeaz aparte, Donostian izango dira, ganera, Héctor Abad, Isaac Rosa, María Oruña eta Iban Zaldua, Literaktumek aurkezten du zikloan.

Bestetik, Pío Barojaren jaiotzearen 150. urteurrenaren kontura, Soledad Puértolasek eta Luis Antonio de Villenak azalpenak emongo ditue, eta erakusketea be ikusi ahal izango da. Juan San Martinen jaiotzatik 100 urte pasau dira, eta Oier San Martin semeak gogoratuko dau haren ekarpena.

Zinemaldiaren 70. edizinoaren harira, Donostia Sariez Katixa Agirrek idatzitako lana ezagutu ahal izango da. Antzerkia, bertso saio literarioa eta errezitaldi musikatua be badagoz egitarauan. Umeentzat, ostera, Literaktum Txikia atondu dabe.

Ikusi egitarau osoa hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu