Zazpi talde XXXIII. Arriola Jazz Blues-en
2022-11-09 08:37 MusikeaEguenean, zemendiaren 10ean hasiko da jaialdia.
Elorrioko eta inguruetako musikazaleen urteroko hitzordua hasiko da eguenean, zemendiak 10, Rumbling Lips bikote gipuzkoarraren kontzertuagaz. Arriola Jazz Blues Jaialdiaren 33. edizinoa da aurtengoa eta, zemendiaren 20ra arte, zazpi kontzertu ekarriko ditu herrira, bertoko eta kanpoko musikarien eskutik.
Udalak aurreratu dauenez, 1960ko eta 70eko hamarkadetako rockaren eta psikodeliaren eraginak agirikoak dira Rumbling Lips taldearen doinuetan, eta eszenaratze harrigarriz janzten ditue euren kontzertuak. Eguenean izango dira Arriola Ateneoan, 21:00etan.
Barikuan, hilak 11, tradizinoak eta abangoardia buztartzen dituan Move Quartet helduko da Elorriora eta, 12an, Matteo Sansonetto bluesman italiarraren txandea izango da. Astegoiena biribiltzeko, eskualdeko talde bat konbidau dabe jaialdira, Berrizko The Van. Gaztetxean joko dabe azken honeek.
Egun batzuetako deskantsuaren ostean, hurrengo astegoiena barriro be musikaz beteta dator Elorriora. 18an, barikua, Juan de Diego tronpetista bilbotarraren txandea izango da Ateneoan. Beste hiru kidegaz batera, Grebalariak diskoko piezak joko ditu, 1919ko grebalarien omenez.
Jazz Blues Jaialdiko azken txanpan, Mingo Balaguer (19an) eta Diablues ta Bluezifer (20an) entzun ahal izango doguz. Mississippiko doinu zaharrei euren ikutua emoten deutsee bergararrek.
Diablues eta Bluezifer-en kontzertura doban joan ahal izango dira zaleak. Ganerako kontzertuetako sarreren prezioen barruan edari bana be sartuta dago eta, ganera, deskontuak izango ditue Arriolako bazkideek.
Egitarau osoa hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!