Hamar egunen faltan, Euskaraldian izena emoteko deia
2022-11-08 13:38 Euskerea berbagaiKultura, kirol eta politikako ordezkariek agerraldia egin dabe Donostian.
Euskaraldiaren prestakuntzearen azken txanpan sartu gara, hamar egun baino ez diralako falta ariketa sozialaren hirugarren edizinoari ekiteko (zemendiaren 18tik abenduaren 2ra egingo dabe). Hortaz, izena emoteko deia egin deutse herritar guztiei, Donostiako San Telmo Museoan egindako agerraldian. Kulturearen, kirolaren eta politikearen alorreko ordezkariek hartu dabe parte ekitaldian.
Hain zuzen be, Euskaraldiaren koordinatzaile Goiatz Urkijogaz batera, Maialen Chourraut piraguistea, Joseba Usabiaga aktorea, Xabier Saldias kantaria eta Topaguneko Kike Amonarriz egon dira. Eusko Jaurlaritzearen izenean, Miren Dobaran Hizkuntza Politikako sailburuordeak hartu dau parte eta Nafarroako Gobernuaren izenean, Mikel Arregik.
III. Euskaraldia ariketa jentetsua izatea garrantzitsutzat jo dabe ekimenaren sustatzaileek, parte-hartzaileen hizkuntza ohiturak aldatzeko lagungarria dalako inguruan belarriprest eta ahobizi ugari izatea.
Hortaz, Euskaraldiaren parte izan nahi dabenek ahobizi edo belarriprest izango diran aukeratu behar dabe, euren gaitasunaren arabera, eta izena emon, erraz-erraz, online edo euren herriko batzordean. Aurreko edizinoetan parte hartu dabenek izen-emotea eguneratu leikie pausu gitxitan; partaide barriei be datu gitxi batzuk baino ez jakez eskatuko.
Emon izena hemen.
Euskal Herriko 400 herri baino gehiagotan dagoz Euskaraldia bultzatzeko talde edo batzordeak. Horreetako askotan dagoeneko txapak banatzen hasi dira izena emondako herritarren artean. Txapa jantzita eroateak eragina dauela azpimarratu dabe Donostian egindako agerraldian. Izan be, aurreko edizino bietan egindako ikerketek erakutsi dabe ahobizi edo belarriprest modura identifiketeak asko lagundu dauela hizkuntza ohituren aldaketetan.
Txapen bidez ez eze, Euskaraldia kalean ikusgai egiteko bestelako jarduerak be egongo dira eta kaleak janzteko gonbitea be egin dabe. Horretarako ipini ditue salgai banderatxuak, leiho eta balkoietan erakusteko. Milaka kartel be ikusi geinkez Euskal Herriko kaleetan. Ganera, herririk herri ehundazak ekitaldi antolatzen dabiz.
Herritarren konpromisoa eta gogoa ezinbestekoak izango dira, beraz, III. Euskaraldia ariketa masiboa eta eraldatzailea izan daiten. Horrezaz gan, Euskaraldiaren batzordeetan modu boluntarioan lanean dabizan guztien ahalegina be ez dabe ahaztu Donostiako agerraldian, eta esker ona bialdu deutse.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!