Zientzia Astea Bilbon, Barakaldon, Donostian eta Gasteizen

Bizkaie! 2022-11-08 09:42   Kulturea

Zemendiaren 9an hasita, 200 jarduera baino gehiago dakarz egitarauak.

Indar betean dator 2022ko Zientzia Astea, 200 jarduera baino gehiagoko egitarau eta guzti, euskal gizartea zientziaren eta teknologiaren mundura erakarteko asmoz. Zemendiaren 9an, eguaztenean, hasita, Bilbon, Barakaldon, Donostian eta Gasteizen izango dira ekintzak, domekara arte. Besteak beste, ikastetxeentzako bisitaldiak, txoko zientifikoak, tailerrak, ibilaldi didaktikoak, berbaldiak, lehiaketak eta ikuskizunak atondu ditue.

Egitaraua eguaztenean hasiko dan arren, XXII. Zientzia Astearen inaugurazino ofiziala gaur, martitzena, egingo dabe, Gasteizen, Arabako Parke Teknologikoan. Iñigo Urkullu Lehendakariak emongo dau hasierako berbaldia. Izan be, ekitaldiaren aurretik, Zientzia, Teknologia eta Barrikuntzarako Euskal Kontseiluaren batzarrean hartuko dau parte Urkulluk, sektoreagaz lotutako beste sailburu batzukaz batera.

Ikastetxeetako neska-mutilentzako ibilbide pedagogikoetan, adituek gidatutako esperimentuak, olgetak, erakustaldiak eta beste egingo ditue, euskeraz eta gaztelaniaz. Era horretara, ikasleek modu erraz, entretenigarri eta ulergarrian jorratuko ditue gai zientifiko eta teknologikoak.

Taldeak 15 ikasle baino gitxiagokoak izan behar dira. DBH eta Batxilergoan, bisitak hilaren 9, 10 eta 11n egin ahal izango dira Bilbon eta Barakaldon, eta 10 eta 11n Donostian eta Gasteizen.

Publiko guztiarentzako programazinoa be zabala izango da egoitza guztietan. Tailerretan eta ibilbide didaktikoetan izena emon behar da, webgunean.

EHUk antolatua, Eusko Jaurlaritzearen Hezkuntza Sailaren babesagaz, Zientzia Astea ekitaldi ludiko eta pedagogikoa da, gizarteari zientzia hurreratzeko asmoduna, gazte, heldu eta umeen jakin-mina biztuz. Bilbon, Bizkaia Aretoa izango da egoitza nagusia; Barakaldon, Clara Campoamor Zentro Zibikoa; Donostian, Tabakalera eta Okendo Kultur Etxea; eta Gasteizen, Bibat Museoa.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu