'Somewhere from here to heaven' zinema garaikidea Azkuna Zentroan

Bizkaie! 2022-11-08 07:55   Kulturea

Prozesuan dagoan argitalpenean zinemagile eta zinema idazleen arteko loturea ezarriko da.

Garbiñe Ortega eta Apichatpong Weerasethakul (online), Ben Rivers eta Eduardo Williams artistak. | Ikusi handiago | Argazki originala

Garbiñe Ortegak komisariatutako Azkuna Zentroaren proiektu berriak zinema-ingurunearen aukerak aztertzen ditu erakusketa-gune batean eta Zinematekearen ziklo bi eta argitaratu bako testu historikoak batzeko argitalpena dakarz.

Somewhere from here to heaven proiektuak Bruce Baillieren uniberso filmikoan inspirautako hainbat belaunalditako artisten konstelazino bat marrazten dau. Bruce Baillie 60ko hamarkadako oinarrizko zinemagilea da, Ipar Amerikako abangoardia zinematografikoan eragin handienetakoa dauena eta zinema esperimentala deitutakoaren sustatzaile handia.

Erakusketeak zati bi ditu: Lehenengoa komunidade horrek, Bailliek, Chick Strand, Gunvor eta Robert Nelson eta Lawrence Jordanegaz batera, beste askoren artean, 40ko eta 50eko hamarkadetako ekimenetan oinarrituta, oraindino bizirik dirauen familia zinematografiko bizigarri hori sortu eban sasoira hurreratzen da.

Erakusketearen bigarren zatian, Azkuna Zentroak konbidatutako lau artistaren lana dago ikusgai, Baillieren imajinarioak inspirautako obra barria produziduteko. Apichatpong Weerasethakulek (Thailandia), Ben Riversek (Erresuma Batua), Ana Vazek (Brasil) eta Eduardo Teddy Williamsek (Argentina) ikus-entzunezko piezak egin ditue Bruce Baillieren unibersoagaz eta haren filmakaz loturea ezarriz: Baillieren 16 mm-ko film liriko eta behatzaile guztiak, baita lau artista horreen lanak be, edozein genero edo kategoria ebitau eta mistikoa eta mundutarra, kosmikoa eta personala, mitologikoa eta autobiografikoa buztartzeko interesik barik, proiektuaren komisarioak nabarmendu dauenez.

Lan barri horreez gan, erakusketeak J.P. Sniadecki zinemagileak beren-beregi egindako pieza bat erakusten dau: Brucegaz azken urteetan bizitako momentu intimoez betetako filma, Baillieren beraren amaitu bako film baten irudi argitarabakoak dituana.

Garbiñe Ortegaren ustez, proiektu hau egituratzen daben idea batzuk dira naturearen eta gizarte modernoaren arteko etenbako bidaia, argiaren bilaketa intuitiboa, gauzen esentzia espirituala deskubriduteko bultzadea, artea biziteko eta ulertzeko modu bategaz konpromiso sakona dauen proiektua, bost artista horreen praktikearen erdigunean dagoana.

Proiektua Zinematekan erakutsiko da, ikusizko esperientziaren eta zinematografikoaren artean kokatutako zinema garaikideko eta historiko esperimentaleko ziklo banagaz. Zinema garaikidearen zikloa zemendiaren 30ean amaituko da eta erakusketara konbidatutako artistei eskainiko jake: Ana Vaz, Ben Rivers, Apichatpong Weerasethakul eta Eduardo Williams.

Era berean, zinema historikoaren ziklo bat egongo da 2023ko urtarrilaren 25etik zezeilaren 8ra, 60ko hamarkadako testuinguru emonkorrean sortutako filmak ikusteko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu