Juan San Martinen obrea, sarean eskuragarri
2022-11-08 08:24 KultureaJakin Fundazinoak digitalizau ditu idazle, euskaltzale eta etnografoaren lanak.
Euskal kulturgintzearen eragile handienetako bat izan zan Juan San Martin eibartarra (1922-2005) eta, horregaitik, haren obrea digitalizau dau Jakin Fundazinoak, erakunde publiko ugariren babesagaz: Eibarko Udala, Eusko Jaurlaritzea eta Gipuzkoako Foru Aldundia. Jakinen Euskal pentsamendua webgunean mundu guztiarentzat eskuragarri dago San Martinen obrea (hemen).
Idazlea, kulturgilea, euskaltzalea, etnografoa, mendizalea eta arkeologoa izan zan San Martin. Jakintza ugaritan eragile izan zanez, zabala eta oparoa da haren obrea: Jakinek egin dauen digitalizazinoan 1.314 obra dagoz oraingoz, besteak beste, 25 liburu, 79 liburu atal, mila artikulu baino gehiago, olerkiak eta itzulpenak.
Eibarko liburutegian egin dabe digitalizazinoaren aurkezpena, Juan San Martinen mendeurrenaren kontura atondu daben erakusgelan. Hantxe egon da Jakin Fundazinoko zuzendari Lorea Agirre eta, beragaz batera, Bingen Zupiria sailburua, Harkaitz Millan Aldundiko Kultura diputadua eta Jon Iraola alkatea. San Martinen familiakoek eta euskaltzale ugarik be hartu dabe parte ekitaldian.
Eibartarraren ekarpen zabala gizarteratzea ezinbestekoa dala adierazo dau Lorea Agirrek, irakurteko, ezagutzeko, ikertzeko, transmitiduteko, irakasteko eta osotzeko. Ganera, obra zabala ez eze, askotarikoa be badala azaldu dau Jakineko zuzendariak, San Martin polifazetikoa zalako: idazle, poeta, etnografo eta arkeologo, kultur eragile, ikertzaile euskal literaturan zein historiaren eremu zabalean, euskaltzain, ararteko, mendizale, espeleologo eta, batez be, euskaltzale.
Hori guztia, parte handi batean, Francoren diktadurapean egin eban, ganera. Mendibideetan barrena edo berbakaz, XX. mendeko Euskal Herriaren eta euskerearen lur gehienak zapaldu zituan San Martinek bizitza osoan zehar, dino Agirrek.
Bingen Zupiriak ganeratu dauenez, idazlea, ekintzailea eta administradorea izan zan Juan San Martin eta gitxitan egon da Euskal Herrian ezaugarri guztion uztardurea. Tradizino desbardinetako personen arteko hartu-emonak sortzen jakin eban eta guztien errespetua eta autortzea jaso.
Dagoeneko ikusgai dago San Martinen obrearen digitalizazinoa, baina lana ez da amaitu. Momentu honetan, 1.314 testu dagoz eskuragarri, eta helburua 1.935 batzea da, horreetatik 1.833 San Martinek berak idatziak. Halako obra zabal batean bilaketak eta nabigazinoa errazteko, webgunean bilatzailea eta aurkibidea txertatu ditu Jakinek.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!