Henrike Knorr-en 67 idazlan plazaratu ditu Euskaltzaindiak
2022-11-07 13:53 Euskerea berbagaiOmenaldia egin deutse, Gasteizen, 2008an hildako hizkuntzalariari.
Euskerearen historia hobeto eta sakonago ezagutzeko Henrike Knorr-ek egin eban ekarpena handia izan zan, gaur egungo hizkuntzalarientzat baliotsua. Obra zabal hori hobeto ezagutzeko, Euskaltzaindiak liburu barria plazaratu dau, Henrike Knorr (1948-2008). Idazlan hautatuak-textos escogidos izenburupean.
Argitalpena atontzen Roberto Lopez de Viñaspre euskaltzaina ibili da eta, azaldu dauenez, Knorren idazlan ez hain ezagunak sartzearen alde egin dabe. Orrialde gitxiko artikuluak dira, baina mamintsuak, eta modu horretan errazago jarri dira egungo irakurleen eskura. Interneten erraz-erraz topau leitekezanak alboratuta, eskuratzen gatxak diranak agiri dira liburuan.
Gonzalez de Viñasprek Garikoitz Knorren laguntzinoa izan dau liburua egiteko. 67 testu aukeratu ditue guztira, gai ugari jorratzen dituenak: Onomastikea, toponimia, euskerazko testu zaharrak... Knorr-Santiago sendiak itxitako argazki ugarigaz hornidu dabe argitalpena.
Gasteizen aurkeztu dabe liburua, Henrike Knorren heriotzearen 75. urteurrenaren harira egindako omenaldiaren barruan. Hantxe izan dira hizkuntzalariaren familiakoak, euskaltzainak eta erakunde publikoetako ordezkariak. Danen buru, Ramiro Gonzalez Arabako Ahaldun Nagusia, Gorka Urtaran Gasteizko alkatea eta Andres Urrutia euskaltzainburua.
Ekitaldian, onomastikearen eta toponimiaren inguruko adituek hartu dabe parte, arlo hori zalako Knorren gogokoenetako bat. Ana Boullón (Toponimasticon Hispaniae proiektuaren koordinatzailea), Patxi Salaberri (euskaltzaina eta ToponHisp-eko Euskal Herriko kidea) eta Roberto Gonzalez de Viñaspre bera izan dira hizlariak.
Ganera, Gasteizko agerraldia aprobetxau dabe 2021eko Henrike Knorr Bekearen ebatziaren barri emoteko, baita 2022ko deialdia egiteko be. EHU arduratzen da beka horretaz.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!